Mikorena etxea agroekologia zentroa bihurtzeko Nafarroako Gobernuak 1,5 milioi euro jarriko ditu, erdia 2027an eta milioia 2028an. Hala jaso du foru administrazioak bere 2025-2028 Inbertsio programan. Oihana Olaberria Jakak, Arakilgo alkateak azaldu duenez, etxean obra egiteko memoria eginda dago. "Orain gobernuarekin adostu edota egokitu beharko dugu", azaldu du. Lan zirriborroan jaso denez, Mikorena etxearen beheko solairuan administrazio eta ikastaroetarako guneak eta lantegia edo obradorea leudeke. Hiru etxebizitza egitea ere aurreikusi dute, haietako bat lehen sektoreari lotutako jarduera batean ari den pertsona batendako izanen litzatekeena. Eta, azkenik, goiko ganbaran erabilera anitzetako gela aurreikusi dute. Baina "itxi gabe dago", azpimarratu du Olaberriak.
Alkateak azaldu duenez, "orain proiektua fintzeko eta edukiak zehazteko gobernuarekin bilera eginen dugu". Nafarroako Gobernuko Landa garapeneko zuzendari Ruben Goñi Urroz etxeberriarrarekin eskuz-esku lanean daude ibarreko erakundeetako ordezkariak. Erakundeek esku artean duten proiektua gauzatzen denean, Mikorena "agroekologian egitasmo erreferentea" izanen da. Hala azaldu du Oihana Olaberria Jakak, Arakilgo alkateak".
Olaberriak argitu duenez, "aurreko legegintzaldian abiatutako proiektua da. Udalean agroekologian zerbait egin nahi genuen", azaldu du Olaberriak. Sakanako Estrategia Planean elikadura ardatzetako bat da. "Han txertatuta dagoen Sakanarako elikadura dispositiboa egin nahi dugu. Horren zati da Kalaska kooperatiba, Etxarri Aranazko hiltegia kudeatzen duena. Eredu intentsibotik estentsiborako pausoa, lokalerako pausoa eman nahi da".
Bidean sakandarrek ditugun elikadura beharrak, jaki horiek non ekoizten diren aztertu dute. Baita ibarrean zer etxalde dauden eta nola ekoizten duten ere. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren aurrekontuei EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa bateko diru partida erabili zuten. "Horretan oinarrituta eginen dute dispositiboa. Eta Satrustegiko etxea ardatza izanen da. Mikorenatik aldaketak bideratuko dira, ustiategi txikiei bide emateko".
Gaineratu duenez, "aldaketak lan mardula eskatzen du". Horregatik, "udalen eta Sakanako Mankomunitatearen inplikazioaz aparte, saretzea beharko da: beste eskualdeak, Nafarroako Gobernua, Intia eta beste egitura asko".
Udalak nekazaritzako bertako barietateak berreskuratzeko proiektua du 2020az geroztik. Fruta arbolak ere jaso zituzten. Haiei jarraipena emateko, udalak eta gobernuak hitzarmena sinatu zuten, eta Mikorena etxeko 4.000 m2-ko lursailean hainbat fruta arbol landatu zituen udalak. Haiek handitu eta sendotzen direnean handik txertoak hartzen hastekoa asmoa dute, nahi dutenei emateko.