Ezagutzen al duzue mahai bat edo edonolako gainazal soinudun baten aurrean instintiboki erritmoa edo nolabaiteko zarata egiten hasten den pertsona hori? Hori da, burua txalaparta baten moduan jartzen ari dizun eta mesedez behingoz isiltzeko eskatzen diozun “lagun” (puntu horretan harremana kolokan jartzen da) hori. Ezagutzen ez baduzue, zuek zeuek zarete, zorionak. Zoritxarrez batzuentzat, batez ere nire bulegoko lankideentzat, ni ere esparru horretan kokatzen naiz, eta ez dut alde egiteko intentzio handirik.
Betidanik eraman izan dut musika barrenean, edo nolabait, musikak ni eraman nau. Gogoan dut txikitan etxean geneukan irrati-kasete morea. Bertan, 40 Principales-en diskoari emandako buelta guztiak, Amaral, El Canto del Loco edo Fitoren eskutik. Aurrerago zure anaiak munduko beste puntatik datozen akorde batzuk erakusten dizkizu. Ingelesa ez duzu inondik inora ulertzen, baina, estribillo melodiko horiek guztiz liluratzen zaituzte. Baina urrutira joan gabe, etxetik gertu dituzun beste zenbait rock taldeekin maitemintzen zara ere. Bat batean musika zure itzala bilakatzen da eta Olentzerok oparitu zizun mp3-a zure gorputzaren hedadura. Kirola egiteko: Musika. Sukaldatzeko: Musika. Ikasteko: Musika.
Egia esan, ez dut oso argi zein izan zen ikusi nuen lehen kontzertua, baina, nire oroimenen inbentarioari hautsa kentzean haietako bat nabarmentzen da. 2014ko San Ferminetako Gora Iruña-n Berri Txarrak taldeak emandakoa, hain zuzen. Ziur aski ez zen haien kontzertu latzena izan, baina klik bat eginarazi zidan: nik ere noizbait zuzeneko bat eman nahi nuen.
Momentuz ez dut San Ferminetan jo, baina, nolabait amets hori bete izan dut, Euskal Herriko beste oholtza umil batzuen gainean. Nonbaitetik hasi behar da, ez? Eta greziar klasikoko zizelkari baten antzera, helburu horri forma ematen diodan bitartean hementxe izango nauzue, bazterrean, musikaren munduko zenbait frikada eta bizipen kontatzen.