Euskal Herriko zazpi hiriburuetan Zazpi jauziz herri bat herri ekimen bateratua egingo du Gure Esku mugimenduak igandean, lastailaren 25ean. Zazpi hiriburuetan, aldi berean, Zazpi Jauzi dantzatzeko deia egin die euskal herritarrei. Dantzaren bidez etorkizuneko erronken aurrean "nazio sena biziberritzea" du helburu ekimenak.
Gure eskuko bozeramaile Irati Alvarezek XXI. mendeak dakartzan erronkak aipatu ditu: "klima aldaketa, demografia joerak, energia erronka, migrazio dimanikak, adimen artifiziala, geopolitikaren gora beherak"... Eta horiek denak "diskurtso erreakzionarioak indartzen" ari diren unean gertatzen ari direla azpimarratu du.
Horren aurrean, ezinbestekotzat jo du Euskal Herriko "lurraldeen arteko kohesioa indartzea eta burujabetza osoaren bidean jauzi bat egin beharra" nabarmentzea da ekimenaren asmoa. Igandeko herri-ekimenak kohesio hori eta "etorkizunerako jauzia irudikatzeko" helburua du eta, oraingoan, dantzaren bidez egitea proposatzen du Gure Eskuk, "elkarrekin eta komunitatea eginez".
Gure Eskuko kideek "burujabetza osoaren bidean aurrera egiteko eskatzeko, erabakiak bertan hartzeko eta herritarren eskubideak babesteko eta zabaltzeko" jauzi bat egiteko garaia dela uste dute. Baita "nazio aitortza lortzeko, eta gure selekzioak, esaterako, normaltasunez lehia daitezen nazioarteko txapelketa ofizialetan" ere. Jauzi bat eskatu dute "euskal lurraldeen arteko kohesioa areagotzeko, etorkizuneko erronkei hobeto helduko diegu eta elkarrekin". Beste jauzi bat "euskararen normalizazioaren alde, eta Euskal Herri osoan euskara ofiziala izan dadin". Azkenik, "zazpi lurraldez osatutako gure herriaren mapa marrazteko" jauzia eskatu dute. Gure Eskuren ekimenean parte hartu nahi duenak Iruñeko San Jose Plazan du hitzordua, igandean, 12:00etan.