Errigorak Sustraietatik espaziora leloa aukeratu du aurtengo Euskarari Puzka kanpainarako. Aurreko urtean bezala, hiru saskiren eskaintza egin du. Horiek Nafarroako hegoalde eta erdialdeko 600 nekazari ingururen ekoizpena ontziratzen duten 24 kontserba egileren produktuz beteta daude. Saski bakoitzagatik ordaintzen denaren %25 Nafarroako erdi eta hegoaldeko euskalgintzari zuzenduko dute Errigorakoek. Hau da, AEKri, ikastolei, Agerraldiari eta Sortzeni. Kanpainan parte hartuz, "Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari behar duen haize bolada bidaltzeko" eskatu dute Errigorako kideek.
Kanpaina martxan jarri zenetik, urteotan eskualdeko euskalgintzari bi milioi euro baino gehiagoko ekarpena egin dio Errigorak. Baina premiak jarraitzen duenez, kanpainarekin jarraitzen dute, "euro bat bera ere ez baitago soberan". Azaroaren 12ra arte errigora.eus edo ohiko tokietan eskaera egiteko aukera izanen da. Azaro akaberan edo abendu hasieran iritsiko dira saskiak eskatzaileen eskuetara.
Dokumentala
Errigorak Euskarari Puzka kanpaina estreinakoz 2013an egin zuen. Nafarroako eremu ez euskalduneko eragileek bizi zuten egoera larriari Euskal Herri mailako erantzuna emateko sortu zen. Ordutik Errigora proiektua euskara, Agerreko produktuak, nekazariekiko harreman justuak eta auzolanaren arteko topaguneak bilatu eta bulkatzen ari da. Hala, ehunka euskaltzale batzen dituen sare erraldoia ehundu du eta Ager eremuko euskalgintza eta lehen sektorea indartu ditu.
Bidean egindako lana eta bizipenak Errigora, sustraietatik espaziora dokumentalean jaso dituzte. 2024ko kanpaina barrutik grabatu zuten. Hurrengo urtean ekoizleen bizipenak eta Errigorako kideen hausnarketak jaso zituzten". Ezagutzen ez dutenek Errigora dokumentalaren bidez ezagutzeko aukera izanen dute. Eta ezagutzen dutenek barrutik ezagutuko dute orain.
Eskaintza
Saski beltza
Ardo beltz gaztea, ilarrak, kardua, mahats zukua, oliba olioa, orburuak, patxaran mantekatuak pikillo piperrak, potxak, teilak eta zainzuriak. 60 euro.
Saski berdea
Txindila lehorrak, oliba olioa, orburuak, ozpina, pasta, pikillo piperrak, sagar zukua, tomate frijitua, txitxirioak, txokopipitak, zainzuriak eta kuia krema. 65 euro.
Saski gorria
Ardo beltza (18 hilabete kupelan), ardi gazta, ardo txuria, molineritoak, oliba olioa, patxarana, pikillo piperrak, polboroiak, turroia eta zainzuriak. 75 euro.
Osagarria
Kutxekin batera Euskararen haziak ereiten egutegia eskatzeko aukera eskaini du Errigorak. "Goi Erriberan euskara erein eta loratzeko helburuz, hamarkadetan lan ederra egin du Lodosako Ibaialde ikastolak. Aurtengoa ez da urte erraza izan haiendako", azaldu dute Errigorakoek. Eta Euskarari Puzka kanpaina "halako zailtasunak gainditzen laguntzeko aukera paregabea denez, ohiko saskiekin batera, egutegi berezi bat eskuratzeko" aukera eman dute Errigorakoek. Hura eskatzen dutenek, "landatu daitezkeen orriz osaturiko egutegia" jasoko du. Hamar euro balio ditu eta haietatik bost Lodosako ikastolarendako izanen dira.