ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde, Hiru, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaroaren 11ko greba orokorrean honako lelopean mobilizatuko dira: “etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez! Pobretzearen kontra, soldata igoera! Sindikatuetako ordezkariek azpimarratu dutenez, "greba orokor honetan Euskal Herriko markoa babestu eta defendatu nahi dugu, hau da, Euskal Herrian adostutako aldarrikapenak zabaldu eta hemengo instituzioak interpelatu". Greba orokorrean "etxebizitza eskubide bermatua izan dadila eta espekulazioarekin bukatu beharra" dagoela nabarmendu dute. Horrekin batera esan dute "Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Esparru propioan sakontzeko unea" dela.
Grebara deitu dutenen iritziz, "etxebizitza langileria pobretzeko eta berau zeharkatzen duten arrakala matxista eta arrazistak sakontzeko arrazoi nagusietako bat bihurtu da. Zentzu horretan, etxebizitzak bermatutako eskubidea izan beharko luke, publikoa, osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean". Gaineratu dutenez, "langileen pobretzearen kontra eta soldatak igotzearen alde eta denon eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsa" ere egin dute sindikatuetako kideek.
Hiru aldarrikapen nagusi
Kalitatezko etxebizitza bermatze aldera erroko hiru transformazio bulkatu behar direla
defendatu dute sindikatu guztiek. "Batetik, espekulatzaileen espropiazioa, bestetik, jardun espekulatiboaren debekua eta, azkenik, etxebizitzen eta baliabideen antolaketa justua, langileriaren beharren arabera antolatua. Egiturazko eraldaketa hauek lortu ezean, espekulazioak eta errentismoak bere horretan jarraituko dute". Horretaz aparte, "langileendako aringarriak izan daitezkeen beste neurri batzuk" defendatu dituzte, esaterako, etxegabetzeekin bukatzea edota etxebizitzaren prezioaren jaitsiera.
Sindikatuetako kidek instituzioen ardurari ere erreparatu diote. Gaztigatu dutenez, "PSOEk gidaturiko gobernuak azken 8 urteetan ez du inolako neurririk hartu egoera egituraz aldatzeko". Eusko Jaurlaritzaz eta Nafarroako Gobernuaz esan dute "etxebizitzaren esparruan eskumen zabalak izan arren, negozioa indartzen duten politikak babesteko erabili" dituztela. Alderdi guztietako udalen ardura ere seinalatu da, "alternatibarik gabeko etxegabetzeak eman baitira horietako batzuetan".
Aldi berean, Confebask eta CEN patronalak ere interpelatu dituzte: "patronal hauek dira
prekarizazioa betikotzen jarraitzen dutenak eta gainera, uko egin diote hemengo
errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari".
Deia
Azaroaren 11rako greba orokorra deitu duten sindikatuetako ordezkariek adierazi dutenez, ez dute onartuko alderdiek etxebizitzaren auzia euren interesetarako erabil dezatela, konponbide errealik planteatu gabe. Hori dela eta, aipatutako erroko aldaketak eman behar direla defendatu dute: espekulatzaileen espropiazioa, jardun espekulatiboarekin amaitu eta etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa, langileriaren beharren arabera.
Era berean, "etxebizitzaren bidez ez ezik soldaten debaluazioaren bidez langileriak bizi
duen pobretzea" salatu dute deitzaileek, eta Hego Euskal Herrian azaroaren 11ko greba
orokorraren aldarrikapen nagusietako bat soldatak duintzea izango dela gogorarazi dute.
Horregatik, "bertako errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa premiazko
neurria" dela adierazi dute. "Ez dira 8 hilabete 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra egin zela. Horregatik, kaleak hartu eta erroko eraldaketak bulkatzeko unea" dela defendatu dute sindikatuek.
Deitutako mobilizazioak
12:30ean, Iruñeko Gaztelu plazatik abiatuta, eta Tuteran Foru plazatik.
Arratsaldean ere mobilizazioak egongo dira bai Iruñan bai beste herri batzuetan.