A11 Greba Orokorra

UGTk eta CCOOk greba orokorrerako deialdia erregistratu dute

Guaixe

Lorenzo Rios eta Josema Romeo, UGT eta CCOOko idazkari nagusiak. UTZITAKOA

Mobilizazioaren hiru ardatz komunak defendatu ditu: soldatak, etxebizitza eta prezioak. Eta greba orokorraren garrantzia aldarrikatu dute. 

UGTk eta CCOOk greba orokorraren erregistroa aurkeztu zuten Nafarroako Gobernuaren Gizarte Eskubide, Gizarte Ekonomia eta Enplegu Departamentuan asteartean, lastailak 20. Horrekin batera, Gizarte Eskubideetako kontseilari Carmen Maezturekin bilera izan zuten. Bi sindikatuetako idazkari nagusiak, Lorenzo Riosek eta Josema Romeok, kontseilariari lanuztea deitzeko dituzten arrazoien berri eman zioten. 

UGTko Riosek esan zuenez, "ekoizpenean lanuztea bulkatu nahi dugu, etxebizitzaren krisiari, soldata hobekuntzei eta lan- eta gizarte-eskubideen aurrerapenei premiazko irtenbideak eskatzeko". CCOOko Romeok azaldu zuenez, "aldarrikapen sakonak egiteko eguna izango da. Kalera aterako gara soldatengatik, prezioengatik eta etxebizitzagatik". 

Romeok patronalen jarrera salatu zuen, greba elektoralistatzat jo baitute. "Enpresaburuei esan behar zaie greba orokor honetarako arrazoiak soberan ditugula. Izan ere, haien irabaziak maximoetan daude, eta soldatak oinarrizko produktuen prezioak egiten duenaren oso azpitik igotzen ari dira". 

Riosek berretsi zuen greba orokorrerako deialdia "etxebizitza eztabaida publikoaren erdigunean jartzeko beharrari" erantzuten diola, eta administrazioei neurri zehatzak eskatu zizkien "langileek etxebizitza duina eskuratu ahal izatea bermatzeko". Romeok, ohartarazi zuenez, "Nafarroak asmo handiko etxebizitza politikak bulkatzen jarraitu behar du, hipoteka edo alokairua ezin ordaintzeak dakarren drama inork ez jasateko".

Lan arloko dimentsioa ere
UGTko idazkari nagusiak esan zuenez, "grebak lan eta soldata dimentsioa ere badu". Ildo horretan, "patronalarekin hitzarmen kolektiboetarako erreferentzia izango den akordio orokor bat lortzeko negoziazioak urtebete baino gehiago darama egiteke. Negoziazioan aurrerapausorik ez egoteak hainbat sektoretako negoziazioak zailtzen ari da, eta mobilizazioak areagotzea ekar dezake", jakinarazi zuen Riosek. Soldatei dagokienez, UGTk 2027rako lanbide arteko gutxieneko soldata gutxienez %7 igotzea eskatzen du, erosteko ahalmena berreskuratzeko eta prezioen bilakaerari erantzuteko. Era berean, lan denbora murriztea eta laneko segurtasuna eta osasuna hobetzea defendatzen du sindikatuak.

Azkenik, Romeok greba orokorra egiteko deia egin die langile eta herritar guztiei. "Greba honek gure gizartearen interes kolektiboak gutxi batzuen interesen aurretik jartzen ditu, eta hori oso arrazoi garrantzitsua da grebarekin bat egiteko".