Erremontea

Goi mailako erremontea Etxarri Aranatzen

Guaixe

Altsasuko ferietako irabazleak. FUNDACION REMONTE

Urriaren 24an, larunbatean, Binakako Erremonte Profesionaleko Txapelketako bigarren finalerdiak egongo dira jokoan, Euskalerriari pilotalekuan. Altsasuko ferietako finalerdietatik lehen finalistak atera ziren. 

Binakako Erremonte Profesionaleko Txapelketa-Reyno Gourmet Sari Nagusian Altsasuko ferietan lehen finalerdiak egon ziren jokoan. Promozio mailan Ezkurra III.a-Leatxe sailkatu ziren finalerako, Mikelarenari eta Ilarregiri 35-26 irabazita. Lehen mailako finalerdia bukaerara arte emozio handikoa izan zen eta, azkenean Zeberio II-Otano gailendu ziren, Otxandorenari eta Ioni 35-34 irabazita. 

Altsasuko ferietako erremonte jaialdiari lekua hartuko dio Etxarri Aranatzek, urriaren 24an Binakako Erremonte Profesionaleko Txapelketa-Reyno Gourmet Sari Nagusiko itzuliko finalerdiak, bigarrenak, egongo baitira jokoan. Txapelketa Euskal Jai Remontek eta e-remonte Beti Euskal Jaik antolatu dute, eta jaialdia 18:00etan hasiko da Euskalerriari pilotalekuan. Jasotako guztia Josefina Arregi Klinikara bideratuko da. 

Lehenik eta behin promozioko itzuliko finalerdia egongo da jokoan. Oses-Agirrezabalak Sagaseta-Baztan izango dituzte aurkari. Bigarren partidan lehen mailako itzuliko finalerdia erabakiko da. Uterga-Barricartek Martxin III-Mitxeo dituzte arerio.