Lau eta Erdiko Eusko Label Txapelketako final laurdenetako ligaxka pil-pilean dago. A multzoan Joseba Ezkurdiak eta Peio Etxeberriak partida zirraragarria jokatu zuten. Etxeberria 10-3 aurreratu zen, baina Ezkurdiak markagailua irauli eta 18-14 jarri zen aurretik. Tamalez, azken txanpan egungo txapelduna finago aritu zen, eta Ezkurdiaren akatsek lagunduta, 22-19 gailendu eta lehen puntua lortu zuen.
Bigarren jardunaldian Ezkurdiak Elordi du aurkari urriaren 24an, larunbata, Labriten. Bizkaitarrak Muruaren kontra 19-22 galdu zuen, eta bi pilotariak punturik gabe daudenez, Iruñeko partida hil ala bizikoa izango da. Arbizuarrak bere errepertorio guztia erabili beharko du jokoan dagoen urrezko puntua lortu eta ligaxkako hirugarren jardunaldira bermearekin heltzeko.
Urriaren 23an Peio Etxeberriak eta Muruak Tafallan jokatuko dute, urriaren 24an Altuna III.ak eta Lasok hil ala biziko lehia dute Atano III.ean eta urriaren 25ean Peña II.ak eta Zabalak Adarragan jokatuko dute.
Joanes Bakaikoa, ziztu bizian
Lau eta Erdiko Txapelketako B Seriean final laurdenetako lehen jardunaldian Joanes Bakaikoak Eskirozi 22-12 irabazi zion, promesen txapela janzteko faboritoen artean dagoela erakutsiz. Urriaren 24an Zubizarreta IV du aurkari Ataunen.