Beldurrak piztu, Iluntasuna Bizi!

Guaixe

Kalabazak hustu, kandelak piztu… Gau Beltza urriaren 31ren bueltan ospatzen da Euskal Herrian. Ohitura zaharrak berreskuratuz, jaia berrasmatzen ari dira herriz herri. Eta zuek, zer ospatzen duzue?

Egunerokoarekin hautsi eta bestelako bizipenak izateko aukera eskaintzen dituzte jaiek. Elkarrekin ospatuta, gainera, kohesio soziala indartzeko tresna baliotsua dira, komunitatea sortzekoa. Jaiak euskaratik eta euskaraz antolatu eta bizitzearen garrantziaz jabetuta, berreskuratzeko bidea abiatu duen jai baten zabalpenean akuilu izan nahi du Taupak: Gau Beltza edo Arimen Gaua bezala ezagun egiten ari den jaia hain zuzen.

Itzalitako Kalabazen Berpiztea (Altuna & Ozaita, 2018) lan etnografikoa oinarri hartuta, dagoeneko erritual hauen berreskurapen edo berrasmatzean hasiak diren herrietako esperientziak jaso ditugu horretarako.

Antolatzaile zein hartzaile izan direnekin bildu, ikuspegi ezberdinetako ekarpen berriak jaso, eta guztien artean adostutako oinarri partekatu batekin osatu dugu eskuartean duzuen tresna proposamena: Gau Beltza antolatzeko baliabide kutxa.

Tresna eta gonbidapena da aldi berean: bakoitzaren errealitatetik abiatuz, oinarri partekatua izango duten Gau Beltzak herriz herri antolatzeko gonbidapena. Kutxa zabaldu, irakurri, ukitu, ordenatu, baztertu, gehitu…

Itzalitako kalabazak piztera goaz!

Nola eraman dezakezu Gau Beltza zure herrira?
Urriaren 28an, asteazkena, 17:30ean Iruñeko Pompelo Civivoxean, Gau beltza herri jolasa doako jarduera eginen du Taupak; 8 eta 14 urte bitarteko haurrendako eta haien familiendako prestatuko jolas murgiltzailea izanen da.

Ondoren, 18:30ean, Iruñeko Gau Beltza jardunaldiak izanen dira: testuinguru historikoa eta mahai ingurua. Doako jarduera izanen da, eta aurretik izena eman behar da gaubeltza.taupamugimendua.eus atarian. Zatoz Taupa-rekin itzalitako kalabazak piztera!