Erregional mailan seigarren jardunaldia jokatu zen. Lagun Arteari atseden jardunaldia zegokion eta Altsasuk Iruñean jokatu zuen, El Iratin, Alde Zaharreko Klubaren kontra. Partida hasi eta berehala, 2. minutuan etxekoak aurreratu ziren (1-0), eta 23. minutuan iruindarren bigarren gola sartu zen. Altsasuri maldan gora jarri zitzaion partida, are gehiago atsedenaldia baino lehen iruindarrek hirugarren gola sartu zutenean. Hala ere, bigarren zatian partidari buelta ematen saiatu ziren altsasuarrak. Mikel Zufiaurrek sartutako golarekin itxaropena piztu zen talde sakandarrean (3-1), baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta punturik gabe itzuli ziren altsasuarrak.
Erregional mailako liderra San Jorge B da (14 puntu). Lagun Artea zazpigarren da (10 puntu) eta Altsasu B hamabigarren (3 puntu). Zazpigarren jardunaldian Lagun Arteak Asdefor A taldea hartuko du Zelai Berrin azaroaren 1ean, igandea (12:00) eta Altsasuri atseden jardunaldia dagokio.