Futbola

Jardunaldi borobila Altsasurendako eta Etxarri Aranatzendako

Guaixe

Etxarri Aranatz seigarren postura igo da. 

Preferente mailako seigarren jardunaldiak sei puntu gozo utzi ditu Sakanan. Altsasu lider dago.

Preferente mailako seigarren jardunaldia ederra izan zen talde sakandarrendako. 

Altsasuk Beti Casedano hartu zuen Dantzalekun. Bi taldeak nor baino nor aritu ziren lehian, eta nahiz eta aukerak sortu, baloiak ez zuen sartu nahi izan. 82. minutuan Julen Floresek Casedakoen atea zulatu arte (1-0). Partidak bizi-bizi jarraitu zuen eta bukatzear zela, luzapenean, Unai Irigoienek Altsasuren bigarren gola sartu zuen (2-0) eta partida erabakita utzi zuen, zale gorritxoen gozamenerako. 

Etxarri Aranatz, bestalde, ez zen Sanduzelaitik esku hutsik etorri. Etxarriarrek Soto Ibarbaso izan zuten aurkari, eta ia konturatu gabe, 2. minuturako aurretik jarri ziren, Joanes Mikeoren golari esker (0-1). Soto-Ibarbasokoek partidari buelta eman nahi zioten, etxarriarrek abantaila handitu eta hala lortu zuten atsedenaldia baino lehen Jon Erdoziak sartutako golari esker (0-2). Bigarren zatian estu jarraitu zuen partidak baina 76. minutuan Oihan Karasatorrek sartutako golak partida erabakita utzi zuen (0-3) eta merezitako garaipena lortu zuen Etxarrik. 

Altsasu da preferente mailako lider (14 puntu) puntu batera Mutilvera B duela. Etxarri Aranatz seigarren postura igo da (9 puntu). Zazpigarren jardunaldian Altsasuk hamargarren den Rotxapearen kontra jokatuko du El Iratin, urriaren 31n (15:30). Etxarri Aranatzek, aldiz, bederatzigarren eta arerio zuzena den Ciudad de Iruña hartuko du urriaren 31n San Donaton (16:00).