Areto futbola

Xotak eta Arbizu Kirol Taldeak, ezin

Guaixe

Xotak ezin izan zuen Tudela liderraren kontra irabazi. XOTA

Talde sakandarrek ez zuten punturik bildu.

Lehen maila autonomikoko laugarren jardunaldia oso gogorra izan zen gure taldeendako. Xotak Tudela hartu zuen Atakondoan eta liderrak ez zuen barkatu. 9. minuturako 0-2 aurreratu ziren Erriberakoak, eta partidak aurrera egin ahala beste bi gol sartu zuten. 32. minuturako 0-4 zegoen aurretik Tudela. 48. minutuan Jaione Sarasolak Xotaren markagailua mustu zuen eta 1-4 galduta, puntuek Tuterara egin zuten ihes. 

Arbizu Kirol Taldea punturik gabe itzuli zen Larragatik. San Miguel taldearen kontrako lehian, etxeko taldeak hasieratik hartu zuen agintea eta 18. minuturako 3-0 jarri zen aurretik. Malen Izagirrek Arbizuren lehena sartu zuen eta 3-1 hurbildu zen markagailuan, baina ilusio hutsa izan zen, San Miguelek atzera ere aginte makila hartu eta beste hiru gol sartu baitzuen segidan. 6-1 galduta itzuli ziren arbizuarrak.

Tudelak jarraitzen du lehen maila autonomikoko lider (10 puntu). Xota hamabigarren da (3 puntu) eta Arbizu hamahirugarren (punturik gabe). Emakumeen lehen maila autonomikoak atseden hartuko du asteburuan. Hemendik bi astera bosgarren jardunaldia jokatuko da; Xotak Ablitas taldea hartuko du Atakondoan eta Arbizu Kirol Taldea Tudela liderraren kontra ariko da Erriberan.