Hirugarren mailako laugarren jardunaldian azken asteetako joerak aldatu ziren. Aurreko hiru jardunaldiak irabazi eta gero, Altsasu 3-4 erori zen Anaitasunaren kontra Zelandin jokatutako partidan. Partida borrokatutan, Anaitasuna bi aldiz aurreratu zen, baina berehala Altsasuk berdindu zion, Xabier Aiestaranek eta Gabriel Menak, azken honek ate propioan, sartutako golei esker (2-2). Asier Maeztuk lehenengoz Altsasu aurreratu zuen (3-2), baina pozak gutxi iraun zuen Anaitasunak berehala hiruna berdindu zuelako. Hortik aurrera partida gehiago bizkortu zen, baina Anaitasuna izan zen gola sartu zuena (3-4) eta Altsasuren garaipen bolada eten zuen.
Xotak azken unean garaipena ospatzeko aukera izan zuen, partida oso estuan Gazte Berriak taldeari 4-3 gailenduta. Irurtzundarrak ongi hasi ziren, Javier Larreak, Mikel Garciak (ate propioan) eta Alain Moralesek partida hasi eta berehala sartutako golei esker 8. minuturako 3-0 aurreratu baitziren. Gutxika Antsoaingo taldea gerturatzen hasi zen eta 31. minuturako hiruna berdintzea lortu zuen (3-3). Zorionez, 40. minutuan Oier Amezgaraik sartutako urrezko golari esker garaipena eta hiru puntuak Irurtzunen geratu ziren (4-3).
Aralar Mendik denboraldiko lehen garaipena gustura ospatzeko aukera izan zuen, Mendialdea taldeari merezimendu osoz 6-3 irabazi eta gero. Uharte Arakilgoak oso entxufatuta atera ziren eta partidaren lehen zatia eurena izan zen. Jon Iribarrenek hiru gol sartu zituen segidan (3-0) eta sakandarren festak luze segi zuen, Imanol Sotok, Youssef El Akkarik eta Jon Iribarrenek, laugarrenez, 6-0 aurreratu baitzuten Aralar Mendi. Azken txanpan iritsi zen Mendialdearen erantzuna; 6-3 gerturatu ziren, baina ez zen gehiagorako tartea egon eta 6-3, lehen garaipena gogoz ospatu zen Uharte Arakilen.
Datorrena
Ardoi da hirugarren mailako liderra (10 puntu). Altsasu bosgarren postura jaitsi da (9 puntu), Xota seigarren da (6 puntu) eta Aralar Mendi hamargarren (3 puntu).
Bosgarren jardunaldian Altsasuk sailkapenean azkena den Ibararteren kontra jokatuko du urriaren 29an Zubirin (20:30). Xotak hamaikagarren den Mendialdea hartuko du urriaren 29an Irurtzunen (20:30) eta Aralar Mendik bederatzigarren den San Juan du aurkari urriaren 31n Iruñean (20:00).