Adinekoak ahalduntzeko Europako proiektuan parte hartzeko gonbidapena

Guaixe

Bakaikuarrak elkarterantz joaten. ARTXIBOA

Landa eremuko 65 urtetik gorakoen alfabetatze mediatikoa hobetu nahi dute.

Nafarroako Gobernuak INMERS europar proiektua gidatzen du eta Laponia eta Transilvaniako bazkideek parte hartzen dute. Proiektu horren helburu nagusia da landa eremuetan bizi diren 65 urtetik gorako pertsonen artean alfabetatze mediatikoa hobetzea. Izan ere, informazio fidagarria eskuratzea funtsezkoa da herritarren parte hartzerako, informazioa asko baitago, baina dena ez da egia. Horretarako landa eremuko adinduei tresnak eskaini nahi dizkiete, batetik, desinformazioaren kontra borrokatzeko, fake news edo albiste faltsuak deiturikoei aurre egiteko. Eta, bestetik, iruzur digitalak saihesteko. Aldi berean, proiektuak adinduen autonomia eta gizarte parte hartzea sustatu nahi ditu. Hau da, 65 urtetik gorako pertsonen autonomia pertsonala, pentsamendu kritikoa eta parte hartze aktiboa indartzeko gizarte digitalean.

Deia
Arduradunek arreta berezia jarri diete hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten diren eremuei. Horregatik, samia, hungariera eta euskara hitz egiten duten pertsonekin harremanetan jarri nahi dute. Izan ere, prestakuntza material erabilgarriak diseinatu ahal izateko, proiektuaren lehen pausoan hiru eskualdeetako adinekoen eguneroko behar errealak aztertu eta diagnosia egin nahi dute. Horregatik, proiektuko arduradunek 65 urte edo gehiagoko sakandar euskaldunei inkesta labur bat betetzera gonbidatu dituzte. Inkestak paperean Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan daude. Bestela, Internet bidez erantzuteko aukera ere badago zubiasesoriayconsultoria.es/inmers/ helbidean. Inkesta betetzeko epea azaroaren 13an despedituko da. Sakandar adinduak galdetegia erantzutera gonbidatu dituzte. 

Europar proiektuak bi urteko iraupena du. Esan bezala, lehenik, adinekoen alfabetatze mediatikoaren maila ebaluatu nahi dute, desinformazioaren aurrean duten kalteberatasuna zein den jakiteko. Ondoren, hori saihesteko prestakuntza material egokituak diseinatuko dituzte, eta tailer praktikoak. Gainera, Alfabetatze Mediatikorako Europako Gida eginen dute. Aldi berean, tokiko hezitzaileak prestatuko dituzte proiektuaren jasangarritasuna bermatzeko, ekintzen inpaktua ebaluatuko da eta emaitzak Europan zabalduko dira.