Azken egunetan zerbait sumatzen hasi zen. Egun berezia zetorren: urriak 31, Gau Beltza edo Arimen Gaua. Taupa Euslkaltzaleen Mugimenduak urteak daramatza ospakizunaren inguruan hausnartzen eta lan egiten. 2018. urtean Itzalitako Kalabazen Berpiztea lan etnografikoa kaleratu zuten, eta ordutik eguneko erritualak berreskuratzen eta berrasmatzen hasi dira. Sakanan ere urteak daramatzate zenbait herritan ospakizunak egiten. Aitzindaria Irurtzun izan zen, eta Aizpeak eta Pikuxarrek antolatuta Ibilbide Beltza deituta esperientzia sortu zuten, dagoeneko errotuta dagoena. Bakaikun eta Altsasun ere Gau Beltzak indarra hartu du, eta azken herria ospakizunera batzen Etxarri Aranatz izan da. Aurten izango dute bere lehenengo esperientzia eta herri eragileak gogotsu daude.
"Aurten hasi ginen urte hasieran Gau Beltzari pixka bat buelta ematen. Zortea izan dugu Nafarroako Gobernuaren Euskarabideak ekimena babestu duelako, eta fokua jarri genuen Nafarroan Gau Beltza indarran eta sustatzen". Naiara Urkijo altsasuarra Taupako teknikaria da, eta urriaren 27an GUAIXE IRRATIko Solasean saioan izan zen, Aralarko Jon Urtasun Usoz, Karrapeko Unai Zabaleta Alduntzin eta Guaixeko Eneida Carreño Mundiñano esatariekin urriaren 31ko ospakizunaz hitz egiten. "Nola egin pentsatzen hasi ginen, eta herri desberdinetan hitz egin genuen eta ikusten genuen Nafarroan bi testuinguru zeudela: herri batzuetan ospakizuna oso garatua dago eta Gau Beltza sakonduta dago eta erritoak eta mitoak bilatzen dituzte ospatzeko beste modu bat izateko, eta beste herri batzuk patxadarekin daudenak, zerbait entzun dutela, baina oraindik ez direla hasi edo ez dakitela urratsa nola eman".
Foroak
Duela zenbait urte hasi zen Taupa Mugimendua Gau Beltzaren inguruan hausnartzen, eta gaiaren inguruko lehenengo foroa antolatu zuela azaldu du Urkijok: "Hasteko hurbilpen eguneratu bat zen, eta urteekin herri horiek garatu dute". Aurten herri horiek erritoak eta mitoak sakontzeko foroa eskatu dutela azaldu du teknikariak: "Orduan egin dugun ikerketarekin esan genuen: zergatik foro bat eta ez bi? Bi errealitate daudenez, bi errealitate horiek jorratu nahi izan ditugu".
Gau Beltza ospakizuna aurrera eramateko oinarrian herria eta komunitatea dago, eta, beraz, "jendea nola inplikatu eta saretzearen gaia" hori izan zen lehenengo foroaren gaia. Urriaren 13an egin zuten, eta "Josu Ozaeta antropologoarekin ta Dani Beaumont Iruñeko parte hartzaile batekin, alde komunitario horren inguruan hitz egin ziguten, nola saretzen diren auzokideak eta elkarteak; nola sustatu jendea".
Bigarren foroa urriaren 21ean egin zuten, eta erritoak eta mitoak eta komunitatea nola trinkotu landu zuten: "Jon Mentxakatorrek eta Nekane Martiarenak hitz egin zuten, eta Oiartzungo esperientzia kontatu zuten. Erritoak eta mitoak nola erakartzen gaituzten komentatu zuten; nahi gabe ere nola hurbiltzen garen gure herrietan errito horiek ospatzera". Oso interesgarriak eta positibotzat baloratu zituzten foroak Taupatik, "nahiko jende egon ginen konektatuta".
Urriaren 28an, Iruñean, Gau Beltza jardunaldiak egin zituen Taupak. Haur eta gazteendako jolasa eta helduendako mahai ingurua izan ziren. "Jolasa scape room antzeko bat da, gau beltzaren inguruan, nondik datorren eta zer errito daude, Halloween delakoarekin dituen aldeak. Modu dibertigarri batean ikasteko". Bestetik, Jaime Altunak Gau Beltzaren kontestu historikoa aipatu zuen eta Atarrabiako eta Altsasuko ordezkariek haien esperientziak kontatu zituzten.
Taupak Gau Beltzerako webgune berezia du: gaubeltza.taupa.eus eta bertan mugimenduak gaiaren inguruan egindako lana, dokumentala, unitate didaktikoa eta modu desberdinetako euskarriak daude eskura. Bestela, foroetan eta jardunaldietan landutako informazioa eskuratzeko aukera ere badago, haiekin harremanetan jarriz.
Errito eta mitoak
Urteekin Irurtzunen, Lakuntzan, Bakaikun eta Altsasun ospatzen joan dira Gau Beltza, herri bakoitzean errito eta mito desberdinak berrasmatzen. Bakaikun, esaterako, eta Urkijok azaldu bezala, herrietako argiak itzaltzen dituzte eta txoko desberdinetan hustutako kalabazak argizari batekin jartzen dituzte, "beldur horiek sortzen dira; kalera atera eta urrunean argitxo bat ikusi eta zer ote izango den". Altsasun kalejira egiten dute, eta Irurtzunen Ibilbide beltza, non izaki mitologikoak eta beste agertzen diren.
Aurten Etxarri Aranatzek ospatuko du lehendabizikoz eguna. GUAIXE IRRATIAn egindako elkarrizketa batean, Silbia Sesma eta Naroa Anso udaleko ordezkariak eta Iñigo Orella ikastolako ordezkariak, herriko eragileen izenean, Etxarri Aranatzen garai batean Gau Beltza ospatu ez, baina etxeetan erbiak hustutzen zituztela eta leihoetan jartzen zirela aipatu zuten. Anso: "Erdoziari eta Martari galdetu diegu eta zehazki ez zela ezer egiten esan zuten, etxe batzuetan zerbait egiten zutela". Orellak gaineratu zuenez, aitaginarreba txikitan Iturmendin bizi zen eta bertan ere leihoetan erbiak jartzen zituztela komentatu zuen. "Zerbait badago. Halloween aurretik ere zerbait bazegoen hemen".
Gau Beltza Etxarri Aranatzen ospatzearen ideia legegintzaldiarekin hasi zela komentatu du Sesmak. "Gurea den zerbait egitea". Oinherri herri hezitzaileen sarearekin lankidetza hasi zuten, haur eta nerabeen aisialdia beste modu batean antolatzeko lan egiten duen elkartea, eta oinarri gisa haur eta nerabe ikuspuntutik abiatzen dira: "Hau esanda pentsatzen hasi ginen zer egin zitekeen arlo honetan eta ez da erraza izan, baina saiatu gara ospakizuna aurrera eramaten". Etxarrin "guztiz berria" da, eta herriko eragileen elkarlana ezinbestekoa izan da. "Hasiera bat izango da".
Etxarriko Gazte Asanbladaren inplikazioa nabarmendu dute. "Oso eskertuta gaude guretako oso garrantzitsua delako beraiekin lan egitea". Zerbait "polita" egiteko lanean ari dira, eta esaterako gazte asanbladak bideo bat egin du: "Sekulakoa da. Haiek egin dute dena, eta txalogarria da". Bestetik, urriko ostiraletan apaingarriak egiteko tailerrak egin dituzte, eta mota desberdinetako kalabazak, armiarmak eta abar egin dituzte. "Ideia da herrian zehar jartzea; kioskoan, balkoietan...". Apaintzeko bihar, urriak 31, 11:00etan, egin dute deialdia.
Gutxi aurreratu gabe, misterioa mantendu nahi dutelako, goizean apaintzeko "eta giroa sortzeko" gelditu dira, eta gero arratsaldean 18:00ak aldera makillatzeko eta janzteko ere topaketa egingo dute. "Batzuk etxetik joango dira, baina ideia polita da bertaratzea eta musika pixka batekin giroa sortzen joan". 20:00etan, iluntzean, hilerrian gelditu dira eta hor ibilbidea egingo dute, "sorpresaz beterik".
Uzta
Urkijok azaldu duenez, garrantzitsua da ikustea Etxarriko gaztetxearen iniziatiba, "gazteek ere sortu dutelako gau beltza, gazteagoei ere bideratuta". Izan ere, ohikoena haurrei bideratutakoa izatea da; "haurrak eta familiak. Interesgarria da ikustea gazteendako moldaketa hori ere".
"Pixkanaka garrantzia hartzen ari da aspaldian egiten zena, eta herritik eta eskualdetatik indarrak hartzen ari da gurea den hori zabaltzeko beharra". Taupako teknikariak gaineratu duenez, "zerbait bazegoen, agian ez zen ospakizuna, guk ospakizunera eraman nahi badugu, gurea da; gure herritik sortzen den zerbait".
Duela urte batzuk Halloween delakoa indarra hartzen ari zenean, aurre egiten eta "era polita batean erantzuten" ari dira. "Halloween festa komertzial bat bihurtu da, baina atzera egiten badugu jatorria berdina da: udazkeneko ospakizun bat, urteko azkeneko uztak hartzen diren momentua, eta urtaroa aldatzen dugun unea. Egurra hartzen dugu eta etxeetan sartzen gara". Hori ospatzeko momentua da. "Puska biltzeak egiten ditugu, kalejira egon daiteke, eta bereziki janaria; janariarekin lotzen dugu ospakizuna". Sasoi honetakoak dira kalabazak, "Halloweenen ere daude kalabazak, haien kasuan plastikozkoak, gureak baratzekoak". Eta Gau Beltzan ere euskara oinarri da: "Komunikazio bidea, komunitatea egiteko modua, jende artean ospatzen den eta antolatzen den zerbait delako".
Horregatik ere herrian antolatzen den zerbait denez Urkijok gaineratu duenez, besteen esperientziak entzutea ezinbestekoa da: "Gazteenek ez ditugu esperientzia horiek, beraz, entzun behar dugu eta batzuk hartuko ditugu, beste batzuk ez". Kontuan izan behar da garai bateko egunak eta baliabideak ez zirela berdinak, "eta orain beste errealitate bat da. Beraz, entzun eta partekatu. Hori da garrantzitsuena".