Hezkuntza publikoan ratioak jaisteko Herri Ekimen Legegilea abian da

Guaixe

Sinadura bilketa abiarazi zutela jakinarazteko prentsaurrekoa. UTZITAKOA

Hezkuntza Publikoaren Aldeko Plataformak Nafarroako hezkuntza publikoaren etapa guztietako ikasleen ratioak legez murriztea eskatzeko sinadura bilketa egiten hasi da .

Nafarroako hezkuntza publikoaren etapa guztietako ikasleen ratioak legez murriztea eskatzen duen Herri Ekimen Legegilearen (HEL) aldeko sinadurak biltzen hasi ziren lastailaren 21ean. Proposamenaren arabera, Haur Hezkuntzako lehen zikloan, adinaren arabera, unitateko lau eta zortzi haur artean egonen lirateke. Bigarren zikloan, berriz, hamabost gehienez. Lehen Hezkuntzarako geletan 15 eta 18 ikasle artean egotea eskatzen da. Landa eremuko eskola txikietan 15eko ratioa litzateke eta ikasle kopuruak behera eginen luke gela bakoitzean ziklo edo maila desberdinetako ikasleak baleude. Eta DBHrako 15 eta 20 ikasle artean. Ratio horiek legez ezartzea eskatu dute.

Plataformako kideen iritziz "etorkizuneko inbertsioa eta premiazko beharra da" ratioak jaistea. Izan ere, "ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua murrizteak arreta pertsonalizatuagoa ahalbidetzen du, inklusioa hobetzen du, eskola porrota prebenitzen du, eta ikasleen garapen integrala sustatzen du". Gaineratu dutenez, "PISA txostenean jasotako emaitza akademiko penagarrien aurrean, hezkuntza publikoan inbertitzea gizarte osoaren etorkizunean inbertitzea da: langabezia eta gizarte bazterkeria tasak murrizteko eta aukera berdintasun handiagoa lortzeko, familien jatorri sozioekonomikoa eta kulturala edozein dela ere".

Oztopoen salaketa 
Plataformako kideek HEL maiatzaren 13an erregistratu zuten. Salatu dutenez, "erakundeen era askotako oztopo burokratikoak jaso eta gainditu behar izan ditugu, eta horietako larrienetarikoa izan da euskara hutsezko sinadura orririk egiterik ez izatea, euskara ez baita oraindik ofiziala Nafarroa osoan". Ondorioz, legea erregistratu zutenetik sinadurak biltzen hasi ziren arte bost hilabete baino gehiago pasa dira.

Jakinarazi dutenez, "ibilbide luze hori saihestu zitekeen, alderdi politikoek itunpeko ikastetxeen ratioak blindatzeko erakutsitako adinako kemena izan balute hezkuntza publikoa defendatzeko". Azaldu dutenez, "gure legea erregistratu eta astebetera, 10/2026 Foru Legea onartu zuten, maiatzaren 20koa. Horiek babesteaz aparte, legeak itunpeko eskolei automatikoki ezartzen die publikoan egingo den ratioen edozein hobekuntza". Hori ahalbidetzen duen legeko 2. artikulua indargabetzeko eskatu dute plataformako kideek. Haien iritziz, "ekitate printzipioa urratzen du, eta baliabide gehiago behar handiagoak dituzten ikastetxeei horiek ez dizkie bideratzen". Nabarmendu dutenez, "baliabide publikoek hezkuntza publikoa lehenetsi behar dute, beste edozein interes pribaturen gainetik".

Gobernuaren kontrako irizpena
Foru administrazioa HEL honen kontra azaldu da. Hezkuntza Departamentuko arduradunek azaldu dutenez, "aurrekontu gehikuntza neurrigabea ekarriko luke. Ia 3.500 profesional gehiago kontratatzeko zailtasuna" ikusten zuten. Plataformakoen iritziz, berriz, "kontratazio zerrendetatik ia 3.500 profesional gehiago kontratatzeak, soldata duinak eta lan-egonkortasuna eskainirik, hezkuntza publikoa hobetzeaz aparte, ezegonkortasuna eta egiturazko desberdintasunak murriztuko lituzke, bereziki sektore gazteenen artean. Gazte prestatuak eta gaitasun handikoak etengabeko egoera ezegonkorretara kondenatzen direnak kontratatzea guztion onerako izango litzateke".

Plataformako kideek esan dutenez, "betetako zailtasuna" da "falta diren langileen lana gainerako irakasleek beren gain hartzen jarraitzea, haien lan karga handiturik eta ikasleek merezi duten arretaren kaltetan".

Hezkuntzako buruek ere ikastetxeetan "espazioak handitzearen kostu handiari" erreparatu zioten. Plataformakoek azaldu dutenez, "ez dugu dena egun batetik bestera aldatzerik nahi. Legearen ezarpen mailakatua ahalbidetuko duen egutegi errealista proposatzen dugu, lehendik dauden espazioak moldatzeko eta zaharberritzeko eta irakaskuntza partekatua ezartzeko, egokitzapen hori egin bitartean". Legea 2028-2029 eta 2029-2030 ikasturteetan pixkanaka aplikatzeko egutegia ezartzea proposatu dute.

Gobernuak iragarritako 830 milioi euroko superabita horretara bideratzea proposatu dute. Baita ikasgelak klima-behar berrietarako prestatzea ere. Gainera, legeari artikulu bat gehitu nahi diote Parlamentuko tramitazioan: Nafarroako hezkuntza publikoan 250 ikasleko, gutxienez, orientatzaile bana egon dadin ezartzea.

Sinadura orriak banatu dituzte. Ekimenarekin bat egin dute CGT, ELA, LAB, CCOO eta STEILAS sindikatuek eta haien egoitzetan edo delegatuen bidez ere sinatzeko aukera izanen da. Eta sinadura orriak eskatu nahi dutenek publikoarenaldeporlapublica@gmail.com e-posta helbidera idatz dezakete. Plataformako kideek "Nafarroan botoa emateko eskubidea duten adin nagusiko herritar guztiak animatzen ditugu kalitatezko hezkuntza publikoaren alde masiboki sinatzera" deitu dituzte.

Azkenik, Hezkuntza Publikoaren Alde Plataformak azaroaren 11ko etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra babestu du. "Bi borrokek oinarrian arazo bera dutela ulertzen dugulako: langile-klasearen diru publikoa interes pribatuetara bideratzea".