Ekomaparen bidez txorkoetako zuhaitzen egoera aztertu dute

Guaixe

Txorkoak zuhaitzekin eta gabe.

Zuhaitzik ez dutenak, zuhaitzen ipurdia gelditzen direnak eta arbola itotzen dutenak zenbatu dituzte.

Altsasuarrek eta olaztiarrek Hemen zuhaitz bat falta da kanpainan parte hartu zuten lastailaren lehen asteburuan. Jarduera, besteak beste, Ekologistak Martxanek, Greenpeacek eta Intermon Oxfamek sustatu zuten. Kanpainaren bidez herriguneetan dauden zuhaitzen egoera ikusaraztea eta udalei hobekuntzak proposatzea du helburu.


Altsasun egindako azterketaren emaitza. UTZITAKOA

Altsasun herritarrek egindako azterketaren ondoren 40 txorkoren berri eman zuten. Haietatik hamazazpitan ez dago zuhaitzik, hamahirutan arbolaren ipurdia besterik ez dago eta hamarretan txorkoan zuhaitza itotzen duen materiala jarrita dago. Olatzagutian, berriz, bi txorkoren egoeraren berri eman zuten. Batak ez du zuhaitzik eta besteak ipurdia besterik ez du.


Olatzagutia iparraldeko bi txorkoren berri eman zuten. UTZITAKOA

Erakundeek nabarmendu dutenez, "zuhaitzek itzala eta freskura ematen dute, airearen kalitatea hobetzen laguntzen dute, atmosferako hautsaren %80 ere harrapatzen dute, pertsonen osasuna hobetzen dute eta biodibertsitateari babesa eskaintzen diote". Mapaketaren (ecomapa.org) balioa aitortu zuten antolatzaileek: "arazo zehatzak identifikatzeko eta konponbideak eskatzeko lehen pausoa da". Aldi berean, dauden zuhaitzak zaintzera eta hutsik dauden txorkoetan arbolak jartzera dei egin dute. Horretarako, herriguneko zuhaitzek "sustraiak hazteko lurzoru egokia izatea, leku bakoitzerako espezie egokiak aukeratzea eta inausketa larriak saihestea" eskatu dute. "30 urte barru itzala emango diguten zuhaitzak orain landatzea aldarrikatu behar dugu. Ez dugu une bat galtzeko", adierazi dute.