Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Parlamentuak antolatutako XVII. Batxilergoko Eztabaida Txapelketaren euskarazko mailako saria irabazi zuten Euken Goñi Andueza lakuntzarrak, Iker Martinez Prado etxarriarrak eta Mireia Ferrero Marin, Urko Amillano Santano eta Laia Sueskun Herreros altsasuarrek lastailaren 24an.
Zer da Eztabaida Txapelketa?
Euken. Europar Batasunaren ingurumen politikak klima aldaketa gelditzeko eraginkorrak dira? Hori zen gaia. Euskarazko txapelketan lau ikastetxetako talde bana geunden. Ostiralean lehen fasea izan genuen, talde guztiak elkarren kontra neurtu ginen NUPen. Hiru eztabaida izan genituen. San Fermin ikastolaren kontra lehenengoa galdu genuen eta beste biak irabazi egin genituen. Eta eztabaida gehien irabazi zuten bi taldeak finalerako sailkatu ziren.
Laia. Finala San Fermin ikastolaren kontra Nafarroako Parlamentuko bilkura aretoan jokatu genuen larunbatean. Lehen fasean, gutxigatik, San Fermin ikastolaren kontra galdu genuen. Finalean lehen faseko jarrera bera defendatzea tokatu zitzaigun: Europar Batasunaren politiken alde egin behar genuen. Haiek kontra zeuden, eta bagenekien zer esan behar zuten eta nola aurre egin haien argudioei. Beraiek ere bazekiten zer esanen genuen.
E. Momentuan esaten digute zein jarrera defendatu behar dugun. Guk bi jarrerak prestatu behar ditugu. Lehen faseko eztabaida guztietan beti aldeko jarrera defendatzea tokatu zitzaigun, eta San Fermin ikastolari denak kontra.
Europaren klimaren politiken aldeko zer ideia esan zenituzten?
Mireia. Aldeko jarrera kontra egitea baino zailagoa zen, baina ongi moldatu ginen.
Urko. Energia berriztagarrien kuota, ibilgailuen etiketa ekologikoak eta ekonomia berdearen gorakada.
Iker. San Fermin ikastolakoen kontrako argudioa zen kapitalismoagatik ezin direla erabakiak eraginkorrak izan. Batez ere hori. Kontsumo Prezioen Indizearen zerbait ere aipatu zuten.
Bezperatik ideiak ezagututa, nola eman zenioten buelta?
L. Taldeen fasean Arkaitz Errazkin Beltza irakaslea egon zen. San Fermin ikastolarekin eztabaidatzetik atera ginenean, kapitalismoaren ideiari aurre egiteko argudio bat eman zigun Errazkinek: sistema kapitalistak emandako dirurik gabe ezin izanen zela trantsizio jasangarria eta berdea egin. Horrenbestez, haien argudioak ez zuen zentzurik. Errazkinek esandakoa gure argudiaketan sartu genuen.
M. Gainera, hainbat galdera egin genituen eta joan aurretik prestatu genituen.
U. Defendatu behar genuen ideia nagusia zen: agian helburuak guztiz lortu ez arren, helburuak lortzeko bide onean gaudela. Horregatik, ingurumen politikak eraginkorrak izaten ari dira.
Norabide onean goaz?
Denek. Ez. Esatea tokatu zitzaiguna da.
Zergatik erabaki zenuten parte hartzea?
M. Irakasleek proposamena egin zuten eta parte hartzeko gogoa genuen.
E. Aurreko ikasturtean ahozkotasunaren proiektua izan genuen. Eta orduan ikusitakoaren harira aukeratu gintuzten.
Nola prestatzen zineten?
I. NUPen erretorika klase batzuetara joan ginen. Eztabaida nolakoa izanen zen, eztabaidaren atalak, horiek nola ongi prestatu, galderak nola egin, babestutako minutua eta beste azaldu zizkiguten. Sarrera (4 minutu), ezeztatzea (5 minutu bakoitzak) eta ondorioak (3 minutu). Bakoitzak egitura bat du.
E. Sarreran exordioa edo hitzaurrea egin behar da, arreta pizteko istorio moduko bat. Nik egin nuen aurkezpena.
I. Urkok eta biok ezeztatzeak egin genituen. Zure tesia edo argudioa azaltzen hasten zara. Ondoren ebidentziak ematen dituzu, tesia indartzen duten datuak, eta horrek guztiak duen eragina azaltzen duzu. Eta ondorioek dena barnebiltzen dute.
L. Nik ondorioak atera nituen. Atalik zailena da, momentuan prestatu behar duzulako. Zure taldeak ongi egin duen guztia laburbildu behar duzu, eta argudioak pixka bat azaldu behar dituzu. Baina beste taldeak esan duenari kontra ere egin behar diozu. Eta diskurtsoari zirkulu egitura emateko komeni da aurkezpenean egindako hitzaurrearekin itxi. Eztabaidan zehar apunteak hartu genituen, besteen diskurtsoetan ikusten genituen hutsuneak. Niri pasa zizkidaten, azken hitzartzean txertatzeko.
M. Ni laguntzailea nintzen, ordezkoa. Ikerri eta Urkori argudioak prestatzen eta informazioa lortzen lagundu nien. Eta eztabaidetan zehar beste taldeek aipatzen zituzten gauzak apuntatzen egon nintzen, ondoren kontrako argudioak ondo emateko. Bestetik, aurreko urtean irabazi zuenetako bat, Eunate, gurekin etorri zen eta hainbat gomendio eman zizkigun.
I. Zatirik txikiena eztabaida da, gehiena informazioa eta beste da.
Ongi moldatzeko, zer behar da?
I. Hasteko, jendaurrean hitz egiteko lotsarik ez izatea. Esatea erraza da, gero kontuak! NUPeko eztabaidetan baino lasaiago egon nintzen Parlamentuan.
L. Lasai egotea, komunikazioa eta proiektatzea. Antzerkia egitea da. Zuk zure diskurtsoa ezagutzen duzu. Baina epaileen aurrean segurtasuna adierazi behar duzu.
E. Antzerkia egitea, eskuekin keinuak egitea-eta, argudioak adina balio dute. Hori ere irakatsi ziguten. Zatirik gogorrena izan zen. Irakasleekin ere simulazio pare bat ere egin genituen.
Besteengandik ikasi al zenuten?
U. Lehen fasean eztabaidaren ondoren epaileek feedbacka ematen ziguten: hau ongi egin duzu, hori gaizki, hauek dira alde onak eta txarrak. Hor ikasi genuen. Lehen eztabaidaren ondoren aldatu genituen eta hobeki moldatu ginen.
E. Epaileekin ez ginen oso pozik geratu. Gauza batzuetan arrazoia zuten, besteetan ez. Irakasleek eta beste batzuek gu bezala pentsatzen dute.
Zertarako balio izan dizue?
U. Jendaurrean hitz egiten ikasteko.
M. Besteak laguntzea, talde lana, informazioa antolatzea.
L. Zuzenbidea ikasi nahi dut, abokatu izateko. Esparru horretan trebatzeko balio izan dit.
E. Jendaurrean hitz egiteko.
I. Lan dezente egin dugu, baina aurkezpenak egitea gustatzen zait. Klasearen aurrean egiten ditut.
Euskal Herriko txapelketara?
E. Ez dago. Gaztelaniazkoa irabazi zutenak Espainiakora doaz.


