Astekaria

Ezkurdiaren azken bala

Maider Betelu Ganboa

Epaileak bere tantoa txapa izan zela adierazi zuenean, Ezkurdia haserretu egin zen. 

Kaiolan aurrera egiteko Murua irabazi beharko du, eta Etxeberriak Elordi garaitu. B Seriean Joanes Bakaikoa finalerdietarako sailkatuta dago.

Lau eta Erdiko A multzoko final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldian Labriten gertatutakoaren oihartzunak oraindik ez dira isildu. Ezkurdia eta Elordi partida borrokatuan 20ra berdinduta zeudela, Ezkurdiari txapa seinaleztatzeak sekulako zalaparta sortu zuen Labriten. Azkenean 20-22 galdu zuen. "Partida horrela bukatzea pena handia da. Nik garbi dut nire bi pareta pilota ona izan dela. Aitorrek, inertziagatik txapa eskatu du, eta epaileak kasu egin dio; ez dago besterik. Azkenean nik uste bera okertu dela, epaileek ez dutela asmatu... momentuan erreta, bero eta haserre nengoen, momentu kritikoa zelako. Denondako sentsazio txarrekin bukatu da partida" aitortu zuen arbizuarrak. 

Nahiz eta lehen bi jardunaldiak galdu, duen tantoaverageari esker oraindik finalerdietara sailkatzeko aukera errealak ditu Ezkurdiak. Horretarako, Peio Etxeberriak urriaren 31n Elordiren kontra lau tanto baino gehiagoko aldearekin gailendu beharko da, eta azaroaren 1ean Ezkurdiak Muruaren kontra duen partida irabazi beharko du. "Ni nirea egiten saiatuko naiz, txapelketa ongi bukatzen eta tantoa lortzen. Eta Peiok laguntzen badit, ba askoz hobe". Udako denboraldi bukaerara eta Lau eta Erdiko Txapelketara sasoi onean iritsi da arbizuarra. "Gustura nabil, sentsazio onekin. Falta zaidana da partida borobil bat egitea eta partida ixtea, irabaztea. Baina, bestela, sentsazio politak ditut, eta pena hori dut, momentu onak ez ditudala guztiz aprobetxatzen. Ea Lizarran hala egiten dudan". 

B multzoan Zabala da finalerdietarako sailkatuta dagoen bakarra. Bihar Laso du aurkari Labriten. Gaur Altuna III.a eta Peña II.a Tolosan ariko dira.  

Bakaikoa, finalerdietan

B Serieko Lau eta Erdiko A multzoan Joanes Bakaikoak Zubizarretari 22-19 irabazi zion eta bigarren puntua lortuta, finalerdietara sailkatu da. Urriaren 31n, Bilbon, Amiano du aurkari. Etxarriarrak aurten ere faboritoen artean dagoela erakutsi du.