Astekaria

Unai Mujika, Behobia-Donostiarako ezin hobeki Donostian eta Txingudin irabazita

Maider Betelu Ganboa

Iñaki Mujika, handbike modalitateko podiumaren erdian. KEMEN ZENTROA

Handbiker altsasuarrak Txingudiko lasterketa eta Salto Donostia 15K irabazi ditu.

Azaroaren 8an jokatuko da 61. Behobia-Donostia lasterketa eta gure atletak sasoi betean iritsi nahi dute hitzordu garrantzitsura. Primeran iritsiko dena, zalantzarik gabe, Unai Mujika handbiker altsasuarra (Bizi Hadi) izango da. Urriaren 4an Hendaiatik Hondarribira jokatutako Txingudi Korrikan (10 km) handbike modalitatean azkarrena izan zen (18:48), eta aurreko larunbatean Donostian jokatutako Salto Donostia 15 K proba ezagunean (15 km) garaipen ederra lortu zuen (28:31), Ion Galarragari 2 segundo aterata (28:33). Guztira hamar handbiker lehiatu ziren. Iaz Behobia-Donostian laugarren izan zen Mujika, eta aurtengo erronka podiumean sartzea dela dirudi. 

Salto Donostia 15 K lasterketako roller edo irristalarien kategorian 188 irristalari lehiatu ziren. Irristaka taldeko Julen Urkizar izan zen azkarrena (27:29) eta Eraldatuz Euskal Irristaketa Taldeko David Gonzalo uhartetarra zortzigarren sailkatu zen (29:26). Korrikalariei dagokienez, 15 kilometroko proban 2.582 korrikalari lehiatu ziren eta 5 kilometrokoan 478, tartean sakandar ugari.