Atletismoa

Milaka korrikalari Iruñeko Harresien lasterketan

Maider Betelu Ganboa

Lasterketak irudi ederrak utzi zituen. JAVIER BERGASA

Sakandarrak txukun aritu ziren Ziudadela ardatz hartuta iluntzean jokatzen diren lasterketetan.

Iruñeko Harresien Lasterketak milaka atleta bildu zituen urriaren 31n Iruñean. Eguraldia lagun, Ziudadelako harresien ingurunean eta hiriko erdialdean sekulako giroa egon zen. Lau distantziako probak jokatu ziren: Forteko lasterketa (5 km), Gotorlekuko lasterketa (10 km), Harresien lasterketa (15 km) eta Baluarteko lasterketa (21 km). Korrikalariek, tartean sakandar ugarik, kolorea eta argia jarri zieten iluntzean jokatutako probei. Guztira 5.355 atleta izan ziren proba despeditu zutenak. 

Forteko lasterketa (5 km) 1.328 korrikalarik osatu zuten. Mohammed Ghazal iruindarrak (14:50) eta Alicia Carrera iruindarrak (16:35) lortu zuten garaipena. Lehen sakandarrak Ehi Olabide altsasuarra, sailkapenean 31. (17:11) eta Leire Bergera etxarriarra, sailkapenean 108. (22:10) izan ziren 

Gotorlekuko lasterketa (10 km) jendetsuena izan zen. Guztira 2.832 korrikalari sailkatu ziren, Andoni Acebedo zizurtarra (32:02) eta Ana Perez untzuetarra (38:21) buru zirela. Lehen sakandarrak Felix Benjumea altsasuarra, sailkapenean 38. (38:24) eta Maalen Beraza, sailkapenean 136. eta bosgarren emakumea (42:57) izan ziren. 

Harresien lasterketa (15 km) 854 korrikalarik osatu zuten. Miguel Seron mutiloarrak (50:42) eta Ane Elzaurdia beratarrak (57:28) irabazi zuten. Lehen sakandarrak Ander Erice arbizuarra, sailkapenean 10. (54:00) eta Amaia Benjumea etxarriarra, sailkapenean 538. (1:26:15) izan ziren. 

Azkenik, Baluarteko Lasterketan (21 km) 341 korrikalari sailkatu ziren. Guadarramako Rodrigo Ares (1:10:22) eta Matako Joana Gonzalez (1:30:24) gailendu ziren. Etxarrengo Iñaki Ganuza izan zen lehen sakandarra, sailkapenean 172.a (1:47:33).