Futbola

Lortutako garaipenari esker Lagun Artea igoera faseko postuetan dago

Guaixe

Lagun Arteak eta Asdeforrek Zelai Berrin jokatutako partida.

Erregionaleko zazpigarren jardunaldian Altsasuk atseden jardunaldia zuen eta Lagun Arteak hiru puntu oso garrantzitsu lortu zituen.

Erregional mailan zazpigarren jardunaldia jokatu zen. Altsasuk atseden jardunaldia zuen, baina Lagun Arteak Asdefor A taldea hartu zuen Zelai Berrin. Partida hasi eta berehala, 6. minutuan, Lagun Artea markagailuan aurreratu zen Iker Anduezak sartutako golari esker. 38. minutuan, eta jokaldi nahiko inozoan bana berdindu zuen Asdeforrek eta 1-1arekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian Lagun Artea partidari buelta ematera atera zen, eta baita lortu ere. Iker Alegriak bigarren gola sartu zuen (2-1) eta Sael Tejadak hirugarrena (3-1). Partida bukatzear zela, luzapenean, Iker Alegriak laugarrena sartu eta partida erabakita utzi zuen (4-1). 

Berriozar da erregional mailako bosgarren multzoko liderra (16 puntu). Lagun Artea seigarren da (13 puntu), igoera faseko postuetan, eta Altsasu hamabigarren da (3 puntu). Zortzigarren jardunaldian, Lagun Arteak sailkapenean hirugarren den Beti Kozkor B arerio zuzena du aurkari azaroaren 7an, Lekunberrin (15:30). Altsasu B-k azaroaren 7an sailkapenean hamahirugarren eta arerio zuzena den Beloso hartuko du Dantzalekun (16:45).