Futbola

Altsasuren eta Etxarriren estropezua, euren arteko derbiaren bezperetan

Guaixe

Altsasuk Etxarri Aranatz hartuko du Dantzalekun. 

Preferenteko zazpigarren jardunaldian Altsasuk lidergoa galdu zuen. Altsasuk Etxarri Aranatz hartuko du azaroaren 7an Dantzalekun.

Preferente mailako zazpigarren jardunaldian Altsasuk Rotxapea izan zuen aurkari El Iratin. Partida oso borrokatuan, bi taldeak markagailua mustutzen saiatu ziren, baina lehen zatian baloiak ez zuen sartu nahi izan. Bigarren zatian bide beretik jarraitu zuen partidak, baina Rotxapeako Josu Antomilek altsasuarren atea zulatu zuen (1-0). Altsasu liderra partidari buelta ematen saiatu zen, baina ezin, eta punturik bildu gabe, lidergoa galdu zuen. 

Etxarri Aranatzek Ciudad de Iruña taldea hartu zuen San Donato zelaian. Bi taldeak parez-pare hasi ziren, baina minutu bateko tartean hankaz gora jarri zitzaien partida, 20. minututik 21. minutura Ciudad de Pamplonak bi gol sartu zituelako (0-2). Zorionez, atsedenaldia baino lehen Urtzi Nazabalek gola sartu eta Etxarri 1-2 gerturatu zen markagailuan. Tamalez, bigarren zatian Ciudad de Iruñak agintzen jarraitu zuen. 52. minutuan hirugarren gola sartu zuen, 1-3, eta 74. minutuan sartutako laugarrenarekin partida erabakita utzi zuen, 1-4. 

Derbia Dantzalekun
Mutilvera B da preferenteko lider berria (16 puntu), Altsasu bigarrenaren aurretik (14 puntu). Etxarri Aranatz bederatzigarren postuan dago (9 puntu). Zortzigarren jardunaldiak derbi sakandarra dakar. Altsasuk Etxarri Aranatz hartuko du azaroaren 7an Dantzalekun, 19:00etan.