Hirugarren mailan bosgarren jardunaldia jokatu zen.
Altsasuk Zubirira egin zuen bisita, Ibararteren kontra aritzeko. Altsasu indartsu hasi zen, 8. minuturako Asier Salgadok eta Andoni Fernandez de Quincocesek Altsasu aurreratu zutelako (0-1). Altsasuk ate propioan sartutako gola probestuta Ibararte 1-2 gerturatu zen, baina ezer gutxi iraun zien pozak, Altsasu bata bestearen atzetik golak sartzen segitu zuelako. Xabier Aiestaranek hiru gol sartu zituen eta Asier Salgadok eta Andoni Fernandez de Quincocesek beste bana. Azkenean, 1-7 gailendu zen Altsasu.
Xotak Berriozarko Mendialdea taldea hartu zuen Atakondoan eta irurtzundarrek gol festa ederra ospatu zuten. Partida hasi eta 15. minuturako 3-0 aurreratu zen Xota, Julen Fernandezek sartutako hiru golei esker. Mendialdea 3-1 gerturatu zen, baina Xotak erasoan jarraitu zuen. Julen Fernandezek laugarrena sartu zuen eta Imad El Ougdik bosgarrena. Mendialdeak ez zuen behera egin eta eraso bikainari esker 5-4 gerturatu zen markagailuan. Xotak ez zuen susto gehiagorik nahi izan, eta erasoan jarraitu zuen. Julen Fernandezek beste bi gol sartu zituen eta Felix Iraizozek zortzigarrena. 8-4, garaipen polita ospatu zuen Xotak. Julen Fernandez izan zen protagonista nagusia, sei gol sartu zituelako.
Azkenik, Aralar Mendik San Juanen kontra jokatu zuen Iruñean. Nahiz eta 4. minutuan Mikel Barberenak Aralar Mendi aurreratu, San Juanek bikain erantzun zuen eta 18. minuturako markagailua irauli eta 3-1 jarri zen aurretik. San Juanen nagusitasunak aurrera jarraitu zuen eta bata bestearen atzetik iritsi ziren golak, 6-1 jarri arte. Aimar Igoak Aralar Mendiren bigarrena sartu zuen, eta horrela despeditu zen partida (6-2).
Seigarren jardunaldia, etxean
Betelu da hirugarren mailako lider berria (13 puntu). Altsasu hirugarren da (12 puntu), Xota seigarren (9 puntu) eta Aralar Mendi hamargarren (3 puntu). Seigarren jardunaldia etxean jokatuko dute gure hiru taldeek. Altsasuk Universidad de Navarra hartuko du Zelandin (18:00). Xotak San Juani egingo dio ongietorria Atakondoan (17:00) eta Aralar Mendik Anaitasuna hartuko du azaroaren 6an Uharte Arakilen (19:30).