Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Euskarabideak - Euskararen Nafar Institutuak Gora Gora Fest! kultur zikloa antolatu du. Aurten egitasmoaren seigarren edizioa da, eta azaroaren 6tik abenduaren 13ra bitartean izanen da. Ana Ollo lehendakari orde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak eta Jabier Arakama Euskarabideako zuzendari kudeatzaileak aurkeztu zuten programa. Guztira, hamar emanaldi eta ikuskizun izanen dira, doakoak, Nafarroako 65 herritan. Sakanan hiru emanaldi izanen dira: Arbizun, Irurtzunen eta Olatzagutian.
Sakanan
Hiru dira Sakanan izanen diren Gora Gora Fest! zikloaren emanaldiak. Azaroaren 7an, 17:30ean, Sophie Germainen Teoria ipuin kontaketa antzeztuta izanen da, Arbizuko Eskola Zaharrean; 5 urtetik gorako haurrendako gomendatutako emanaldia da. Bestetik, azaroaren 8an, 17:30ean, Irurtzungo kultur etxean, Hodei Magoaren Essentia magia ikuskizun parte hartzailea izanen da; San Martin festen barruan kokatu dute emanaldia ere. Sakanan izanen den zikloaren hirugarren emanaldia 53X antzerki garaikide eta parte hartzailea izanen da, azaroaren 21ean, larunbata, 18:00etan, Olatzagutiko kultur etxean. Enara Urra aktorea antzezlanean Sara pertsonaia da.
Guztira hamar ikuskizun izanen dira Gora Gora Fest! zikloan, eta egitaraua osoa Euskarabidearen webgunean kontsulta daiteke.