Sindikatu eta etxebizitza sindikatuetako kideak aste mugituak izan dituzte eta, oraindik ere, lan karga handiko egunak izanen dituzte, azaroaren 11ko greba orokorra behar bezala prestatzeko. Batean eta bestean asanbladak antolatu dituzte, eguna behar bezala antolatzeko eta deialdiaren berri sakandarren artean zabaltzeko.
ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deialdi bat egin dute, bestea UGTk eta CCOOk. Greba orokorraren bidez guztiondako "kalitatezko etxebizitza" bermatu behar dela aldarrikatuko dute. Euskal gehiengoko kideek adierazi dute etxebizitza eskubidea gauzatzeko hiru transformazio bulkatu behar direla. "Batetik, espekulatzaileen espropiazioa; bestetik, jardun espekulatiboaren debekua; eta, azkenik, etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa, langileriaren beharren araberakoa eta justua". Gaineratu dutenez, "langileriaren berehalako itoaldia arinduko lukete: etxegabetze guztien etetea, eta etxebizitzaren prezioen jaitsiera".
LABeko kideek esan dutenez, "ez gaudelako prest bizitzaren prekarizazioa eta pobretzea onartzeko, eta etxebizitza langileok pobretzeko arrazoi nagusietako bat delako, soldata kaskarrekin batera. Egoera iraultzeko, sakoneko aldaketak behar ditugu eta horiek aldarrikatuko ditugu". Irurtzunen, Tahonan, 10:30 eta Etxarriko eta Altsasuko plazetan 10:00etan.
ELAko kideak "etxebizitza politikak errotik aldatzea eskatzeko" utziko diote lan egiteari. "Etxebizitza, soldata apalak eta zailtasun ekonomikoak gizartearen kezka nagusiak dira. Horregatik, inbertsio publikoa handitzea, alokairu sozialeko etxebizitzen parkea zabaltzea eta etxebizitza negozio gisa tratatzeari uztea" eskatu dute.
STEILASek eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak etxebizitzaren inguruko gatazka ikasgeletara eramanen dute: "etxebizitzaren gatazka ikuspegi kritiko, intersekzional, transfeminista eta eraldatzaile batetik lantzeko. Ikasgeletan etxebizitza lantzeak etxebizitza prekarietatea norbanakoaren porrota delako ideia apurtzen laguntzen du".
EHKSk langileek bizi duten "bizitzaren garestitze izugarriaz eta soldaten beherakadaz" gaztigatu du. Horrekin batera, "sistema publikoaren gainbeheraren aurrean, kalitatezko zerbitzu publikoak" aldarrikatu ditu. "Egoera larria izanik, epe luzerako alternatibak behar ditugu, ortzi mugan kapitalismoa gainditzea izanen dutenak"
UGTko kideek azaldu dutenez, "ekoizpenean lanuztea bulkatu nahi dugu, etxebizitzaren krisiari, soldata hobekuntzei eta lan eta gizarte eskubideen aurrerapenei premiazko irtenbideak eskatzeko". Gaineratu dutenez, greba orokorrerako deialdia "etxebizitza eztabaida publikoaren erdigunean jartzeko beharrari" erantzuten dio. CCOOkoek, berriz, azaldu zutenez, "aldarrikapen sakonak egiteko eguna izango da. Kalera aterako gara soldatengatik, prezioengatik eta etxebizitzagatik". Eta "prezioen kontrol zorrotza" eskatu dute funtsezko gaietan, esaterako: etxebizitza, hipotekak, elikagaiak eta energiak".
Euskal gehiengo sindikalaren Iruñeko manifestazioa Gaztelu plazatik abiatuko da 12:30ean. UGT eta CCOOrena, berriz, 17:30ean izanen da.