Arbizun eta Etxarri Aranatzen hainbat pintaketa agertu ziren lastailaren 25ean. Horiek salatzeko Sakanako hainbat gizarte eragile eta herritarrek agerraldi jendetsua egin zuten Arbizun lastailak 31. "Agertutako mehatxu faxista larriak eta ikur naziak irmoki" salatu zituzten. Aldi berean, "elkartasuna adierazi nahi diegu mehatxu horiek jaso dituzten guztiei". Bestetik, "eraso hauen sekuentzia, nolakotasuna eta ustezko egiletza ikusirik, atzean ustezko talde faxista antolatu bat egon daitekeenaren zantzuak" daudela nabarmendu zuten.
Agerraldian izan zirenen bozeramaileek azaldu zutenez, "gertakari horiek gorrotoaren diskurtsoen eta eskuin muturraren gorakadaren testuinguru zabalago batean" kokatu zituzten. "Horren aurrean, eraso faxista eta naziak salatzeaz aparte, eremu anitzetatik garatzen dugun jardun antifaxistan sakontzeko deia" luzatu zuten agerraldian egondakoek. "Erantzun demokratiko, plural, kolektibo eta herritarretan oinarritutako antifaxismoan", zehaztu zuten.
Horretarako aukera gisa ikusi dute azaroaren 11rako deitutako greba orokorra, "herritarren eskubideen defentsa eta etxebizitza eskubidea bera lehen lerrora ekarriko dituen antifaxismoa". Gaineratu zutenez, erantzun antifaxista eman daiteke "azaroko hainbat deialdietan, izan kalean, izan masa mobilizazioetan edota izan hautetsontzietan, indarrak metatzeko aukera probestuko duen antifaxismoan". Agerraldian, "eskubide material duinak lortzeko hainbat eremutan egiten den jardun sozial, kultural, sindikal edota instituzionala uztartzen dituen antifaxismoaren alde" egin zuten, esaterako: inklusioa eta aniztasuna zaindu eta zabaltzea, emakumezkoen eskubideen eta gizarte feminista baten aldeko jardunean sakontzea, trantsizio ekosozial justu eta demokratikoan ardaztea, pentsio duinen aldeko borroka...
Nabarmendu zutenez, "txarretik onena ateraz, Sakanako eta gure herrietako etorkizuna kolorez, aniztasunez eta errespetuan, eta elkarbizitza demokratikoan oinarriturik eraikitzen jarraitzeko konpromisoa" berretsi zuten agerraldian izan zirenak. "Gorrotoaren diskurtsoei eta eskuin muturrak defendatzen duen eskubide urraketei eta murrizketei aurre eginez, gizarte aske, anitz eta berdinzale bat eraikitzeko konpromisoa" berretsi zuten.