Astekaria

Etxebizitzaren neke handiak, herritarrenak eta udalenak

Alfredo Alvaro Igoa

Irurtzungo herrigunearen ikuspegia. ARTXIBOA

Gaur egun etxebizitzak eskuratzeko bideak ez dira asko. Eta haietan bizi diren pertsonen buruhauste iturri izatera ere iritsi dira. Etxebizitzaren arloan toki erakundeak ibarrean egiten ari direnaren errepasoa da jarraian heldu dena

Sakanako Mankomunitatearen baitan Etxebizitza Lantaldea dago. Oihana Olaberria Jaka Arakilgo alkateak azaldu duenez, lantaldeak bi arlotan lanean ari da gaur egun. Batetik, "udal politiketatik etxebizitzaren arloan zer egin daitekeen zehazten ari gara Cederna-Garalur elkartearekin batera. Joan zen urtean hasi ginen eta aurten bukatuko dugu lan hori. Emaitza gida bat izanen da eta han udalaren eskumenak zein diren, hirigintza plana nola erabili eta beste azalduko dira", azaldu du Olabarriak. Garalurrekin eta gobernuarekin batera etxebizitza hutsak zein diren atzemateko lanketa pilotua ere egiten ari da lantaldea. Hutsik dauden eraikinak zein diren ezagutzeko parametroak zehaztuko dituzte.

Horrekin batera, Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentu eta Prospekzio sailarekin batera, Sakanako Mankomunitatea etxebizitza eskaeraren inguruko lanketa egiten ari dela jakinarazi du Olaberriak. "Udal, enpresa, adindu eta abarren iritziak jaso ditugu. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuenak ere jakin nahi genituzke. Gazteei bideratutako galdetegian erantzun asko jaso ditugu. Diagnosia dugunean etxebizitzaren arloan nondik jo argiago izanen dugu", azaldu du.

Arakil
Hiriberri Arakilen udalak Eskolarantz eta Goialde kaleen artean dagoen partzela erosi zuen eta hirigintza antolaketa aldatu ondoren, kooperatiba bati esleitu dio. "Bazkideak orain urbanizazio proiektua lantzen ari dira. Momentuz, lau etxebizitza eginen dira. Partzelaren beste bi herenek beste proiektu batzuk egiteko aukera ematen dute. Epe ertainean eginen dela uste dugu", jakinarazi du alkateak.

Ihabarko Eskribarena etxeko lanak garilean hasi eta 2027ko azarorako despedituta egon beharko dute. Sei etxebizitza egiten ari da udala han: hiru prezio tasatukoak, saltzeko, eta beste hirurak alokatzeko. Olaberriak jakinarazi duenez, "lehentasuna Arakilen erroldatutakoek izanen dute".

Alokairu sozialerako bi etxebizitza egin dituzte Errotzen eta bat Egiarretan. "Lanak bukatuta daude, eta kontzejuak alokairuan emateko plegua prestatzen ari dira une honetan", azaldu du alkateak. Izurdiagako Kontzejuak izaera bereko beste etxebizitza bat egiteko asmoa duela gogorarazi du. Aurrera egiten badu, Satrustegiko Mikorena etxeko goiko solairuan etxebizitzak eginen lirateke. Momentuz, hiru aurreikusi dituzte. Haietako bat lehen sektorearekin duen pertsonei zuzenduta legoke.

Aizkorben etxebizitza bat berritzen ari dira eta beste bat jasotzeko proiektua dago. Urritzolan eta Errotzen kale berri bana eta bi etxebizitza egin ziren. Egiarretan hainbat zaharberritze lan egin dira. Etxe handi batean hainbat etxebizitza egiteko proiektua egiten ari da sustatzaile bat. Eta Satrustegiko frontoiaren ondoan sustatzaile batek aspalditik du urbanizazioa eta etxeak egiteko egitasmoa duela ere azaldu du Olaberriak. Zaharberritze lanetan arakildarrek dirulaguntza handia dute, udala Nafarroako bigarrena izan baitzen lehentasunezko birgaitze eremu izendapena jasotzen. Azkenik, etxe hutsei buruzko ordenantza indarrean du Arakilek.

Irurtzun 
Irurtzungo Udalak eta Nasuvinsak etxebizitzari buruzko inkesta egin zuten 2021eko otsailean. Emaitzak ikusita, familia bakarreko etxebizitzen eskaerari erantzuna emateko pausoak ematea erabaki zuen udalak eta herriaren hegoaldean 29 familia bakarreko etxebizitza eraikitzeko urbanizazioa egin zuen. Dozena bat partzela udalarenak dira eta horiek erregistroan inskribatzea eta enkante publikoan saltzea da udalaren asmoa. Azken hori 2027ko lehen erdian izatea espero du Unai Razkin Iriarte alkateak. "Hasierako salneurria partzela urbanizatzea udalari kostatu zaiona izanen da. Kostu prezioa jarrita, merkatuan eragin nahi dugu, prezioak jaisteko", azaldu du.

Alkateak azaldu duenez, "ziurrenik, 2021az geroztik beharrak aldatu dira. Alokairurik ez dago, eskaera eskaintza baino handiagoa da". Irurtzungo Udalak aspaldi begiz jota du Nafarroako Gobernuko bidezainen Trinitate kaleko partzela. "Aurreko legegintzaldian partzela horren ordenazioa egiteko marko irekia onartu zen. 40 etxebizitza egiteko aukera dago, baina momentuko beharraren arabera zehaztuko litzateke kopurua. Udalaren nahia da partzela eskuragarri izatea etxebizitzetara bideratzeko".

Partzela horretan bidezainen elurra kentzeko makinez aparte basozainen ibilgailuak ere gordetzen ziren. Baina azken horien egoitza Erabidea industrialdera eraman dutenez, bidezainen ibilgailuak daude bakarrik gaur egun. Partzela horren parean bidezainen etxebizitzak hartzen zituzten bi bloke daude, hamasei etxebizitza. Baten beheko solairuan gobernuaren abeltzaintza bulegoa eta erregistro orokorra dago. Bestean, berriz, basozainen bulegoa zegoen, orain industrialdean dagoena. Etxebizitza horiek birgaitu eta alokairuan jartzea nahi lukete udal arduradunek. Gai horietaz Nafarroako Gobernuarekin eta Nasuvinsarekin gai horietaz hizketatu izan dira udal ordezkariak, eta Irurtzunen gobernuak zer erabaki hartu zain daude.

Bestetik, Razkinek azaldu du Urbasa eta Artadia kaleko eraikina esku hartze orokorreko proiektu baten barruan daudela. Kale horietan eraikinen inguratzailea berritzea eta igogailua jartzea erabakitzen duten komunitateek dirulaguntza handiagoak izanen dituzte. Azkenik, Irurtzungo Udalak aspalditik du etxe hutsen inguruko ordenantza.

Irañeta
Irañetako Udalak Ardanzeta kalean dauden bi hiri lur partzela saldu nahi ditu. Bitan saiatu da eta ez du eskaintzarik jaso. Bi partzeletan familia bakarreko etxebizitza bana eraiki daiteke. Udalaren asmoa noizbait berriro partzela horiek salgai jartzea. Bestetik, bai etxe berriak jaso edota zaharberritzeko lanak ere egiten ari dira Irañetan eraikuntza enpresak.

Uharte Arakil
Indarrean dagoen hirigintza plana 1991koa da. Berria egin zuen Uharte Arakilgo Udalak eta hasierako onarpena joan zen urtean egin zuen. "Baina oraindik hainbat administrazioren txostenak falta dira erabat onartuta egoteko", azaldu du Txomin Uharte Baleztena alkateak. Plan berrian 180 etxebizitza egiteko aukera dago jasoa. Tipologia nagusia familia bakarreko etxebizitza da, atxikiak edo isolatuak, baina etxebizitza kolektiboaren tipologia ere aurreikusten da, Metalurgicas Arakil enpresa zenaren lursailetan eta Erresoron, herrigune historikoaren hedapena delako, tipologia nagusi horrekin. Hirigintza plan berrian bizitegirako beste lursail proposamen bat dago Larranondoa eta Iriburu kaleen eta Itsasiko errekaren arteko espazioan. Baita Itsesi, Zerradoa eta Geltoki kaleetan ere.

Uharte Arakilgo Udala, bestalde, San Joan kalearen 7. zenbakian dagoen Lakuntzaenea etxean gazte alokairurako bi etxebizitza egiten saiatu zen, baina "administrazio gaiengatik geldiarazi zuten. Proiektua eginda dago eta, orain, beste modu batera bideratu beharko da". Bestetik, Itxesi auzoko 14 jabeen erkidegotarako esku hartze orokor proiektu izendapena du. Etxebizitza Departamenduak izendapena beste lau urtez mantentzea erabaki du. Etxebizitza blokeak merkeago zaharberritzeko aukera ematen du izendapenak.

Uharte Arakilek premiaz birgaitzeko gune izendapena du, "50 urte baino gehiago duten eraikinak hartzen ditu, herrigunekoak eta Zerradoa auzokoak". Azkenik, Uharte Arakilgo Udalak oraindik ez du etxe hutsen inguruko ordenantzarik, "baina onartzeko asmoa dugu, bai", jakinarazi du alkateak.

Arruazu
Udalak Arozarena etxea eta lursaila erosi zuen joan zen urtean. Etxe horren beheko solairua udal biltegi bihurtu du. Udalak alokairuzko pisuak egin nahi ditu bertan. Epe ertainean etxea eraberritzeko proiektua egiteko dirulaguntzaren bat eskuratu nahiko luketela azaldu du Gorka Ovejero Ganboa alkateak. "Gobernuarekin etxe horretan zein etxebizitza mota egin ditzakegun zehaztu beharko dugu", argitu du. Udalaren urteko aurrekontua txikia denez eta heldu den urtean estalpea eginen denez, "epe luzera, dirulaguntza edo auzolanen bidez, edo zatika, etxebizitzak eginen" lituzketela azaldu du alkateak. Ovejerok jakinarazi duenez, "lehentasunezko birgaitze eremu izendapena lortzeko tramiteak despeditzen ari gara". Aurreratu du udalaren asmoa dela aurki etxe hutsen ordenantza onartzea.

Lakuntza
Lakuntzako Udalak Alde Zaharra eta Ermiñeta kalea lehentasunezko birgaitze eremu izendatzeko prozesua hasi du. Oihane Uribeetxeberria Garmendia alkateak esan duenez, "eraikitako ondarea kontserbatu, berreskuratu eta biziberritzeko helburua du neurri horrek". Izendapenak 50 urte baino gehiago dituzten eremu horietako eraikinei eraginen die. Ondorioz, zaharberritu behar dituztenean gobernuaren dirulaguntza handiagoa eskuratuko dute jabeek. Uribeetxeberriak azaldu duenez, "aldi berean etxebizitzak zaharberritzeko ordenantza egin eta harendako diru kopurua zehaztu beharko ditugu".

Izendapenari buruzko informazio eta parte hartze prozesua abiarazi du udalak. Informazioa lakuntza.eus webgunean dago. Zalantzak argitu edo eraikinen bat eremuan sartzeko eskaera egin nahi duenak azaroaren 24ra arteko astelehen, asteazken eta ostiraletan, 12:00etatik 14:00etara udaletxera joan daiteke. Alegazioak edo proposamenak aurkeztea info@lakuntza.eus e-posta helbidera idazteko aukera dute lakuntzarrek.

Alkateak azaldu duenez, udalak Kaminosgain kalean bi partzela ditu, 1.300 eta 220 m2-koak. "Bertan zer eta nola egin aztertzen ari gara. Uste dugu hamar etxebizitza egiteko aukera izanen dela", argitu du alkateak. Gaineratu duenez, lakuntzarrak etxeak egiten ari dira, baita zaharberritzen ere. "Promozioa proiektuak daude, baina geldi daude prezioengatik". Bitartean Lakuntzako Udalak etxe hutsen inguruko ordenantza onartuko duela jakinarazi du alkateak: "Sakanako Mankomunitatea diagnosia egiten ari da. Tipologia desberdineko herriak parte hartzen ari gara, tartean Lakuntza. Diagnosia izatean onartuko dugu ordenantza". Azkenik, Nafarroako Gobernuak Building Center inbertsio funtsaren Lakuntzako etxebizitza bat erosi zuen lastailaren 22an. 

Arbizu
Alokairurako bost etxebizitza eraikitzeko akordioa sinatu zuten Arbizuko Udalak eta Nasuvinsak 2022ko irailean. Adostutakoaren arabera, Arbizuko Udalak San Joango bidea kalean duen 407,1 m2-ko lursaila Nasuvinsari eman zion bertan etxebizitzak eraikitzeko. Baina enpresa publikoak aurrekonturik ez zuela eta bertan behera gelditu zen. Nafarroako Gobernuaren 2026ko aurrekontuan EH Bilduren emendakina jaso zen. Haren bidez Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako Departamentuko 100.000 euro Nasuvinsak jaso ditu, hain zuen, enpresa publikoak blokeatuta zituen hitzarmenak dinamizatzeko, tartean Arbizukoa. Ainhoa Izagirre Izagirre alkateak azaldu duenez, "Nasuvinsakoen zain gaude. Heldu den astean dugu bilera haiekin, baina gaia ‘berde’ dago oraindik".  

Bestetik, Arbizuko Udalak hala eskatu ondoren, Etxebizitza Departamentuak Arbizuko Hirigune Historikoa eta Mikel Aingeru auzoa lehentasunez birgaitu beharreko area izendatu zituen lastailean. 

Ergoiena
Ergoienako Udalak hirigintza planaren hasierako onespena 2022an onartu zuen. Haren barruan Lehentasunezko Birgaitze Eremu izendapen eskaera txertatuta dago. Udalak bere lanak eginda, gainerako administrazioen oniritziaren zain dago hirigintza plan berria indarrean jartzeko, indarrean dagoena 1998koa baita. Hirigintza plan berriak Ergoienan 180 (lehen 160) etxebizitza eraikitzea aurreikusten du. Haietatik Lizarragan 67 (72) aurreikusi dira, Dorraon 50 (44) eta Unanun 63 (44).

Lizarragan Medikuaren etxea zenean bi etxebizitza egin zituen kontzejuak eta alokatuta ditu. Eskola izandakoan alokairurako etxebizitza bat egiteko dirulaguntzarik ba ote zegoen aztertu zuen kontzejuak, baina ez zegoenez, kontzejua zer egin zehazten ari da. Bestetik, Ergoienako udaletxearen ondoan etxebizitza bat eraikitzeko aukera ematen duen lursaila du salgai. Dorraon Arrobi kalean bi etxebizitza bakartu eraikitzeko plana onartu du gobernuak. Kontzejuak, bestetik, meistruban etxean egindako hiru etxebizitzak alokatuta ditu. Unanun, berriz, kontzejuak bost etxebizitza alokatuta ditu. Bestetik, frontoi ondoan familia bakarreko gehienez 15 etxebizitza bakartu eraikitzeko baimena emana du gobernuak.

Etxarri Aranatz
Alokatzeko etxebizitza falta, salgai dauden etxeen prezio oso altua, alokatzen ez diren etxebizitza hutsak... Etxebizitzaren inguruan herrian dauden arazoak zerrendatu ditu Maria Saez de Albeniz Bregaña alkateak. Aitortu duenez, "etxebizitzaren arazoari buelta ematea ez da erraza, ez da azkar konponduko, are gehiago udalak dituen eskumen eta baliabideak mugatuak baitira". Hala ere, azaldu du etxebizitza beharrak ezagutzeko inkesta egin dutela, etxeak zaharberritzerakoan dirulaguntza handiagoak lortzeko Lehentasunezko Birgaitze Eremu izendapena duela Etxarri Aranatzek eta etxe hutsen inguruko ordenantza berria dutela. Saez de Albenizek jakinarazi duenez, hirigintza plan berria egiteko eskaera egin diote Nafarroako Gobernuari.

Bitartean pausoak ematen hasi da Etxarri Aranazko Udala. Burundabide eta Sanadrin kaleen artean dagoen udalaren lursailean hamabi etxebizitza egiteko asmoa du udalak. "Kooperatiba modalitatean eraikiko dira. Horren berri emateko aurki, Nasuvinsarekin batera, azalpenak emateko bilera deituko dugu".

Epe ertainera begira, "Baratzetan, ibai ondoan, udalaren lursail urbanizagarri handia dago. Han babes ofizialeko etxebizitza asko eraiki daitezke", azaldu du alkateak. Lurra udalarena denez, tramitazioa azkarragoa dela ere argitu du. Saez de Albenizek jakinarazi duenez, epe luzera Larreinondo du udalak begiz jota: "Alde Zaharra eta Malkorramendi eta Aldapasoro auzoak elkartzeko aukera emanen luke. Eremu handia da, 2.500 pertsona hartzeko modukoa. Garatzen bada, udalak eraikigarriak diren lursail batzuk jasoko lituzke". Baina gaztigatu duenez, lurjabe ugari daude eremu horretan, "haren garapena exekuzio unitate bakar gisa dago aurreikusita. Zentzuzkoena da eremua exekuzio eremuetan banatzea litzateke eta faseka garatzea. Baina horrek hirigintza plan berria moldatzea eskatzen du. Plan berria izatean garatu daitekeela uste dugu, bestela, orain hainbeste jabe izanda tramitazio luzea izanen du", zehaztu du alkateak.

Bakaiku
Etxebizitza izan zen herritarrek Bakaikuko Estrategia Plana egiterakoan nabarmendu zuten gaietako bat. Horri erantzun nahia eskolak hartu zituen eraikinaren goiko solairuan Bakaikuko Udalak, Nasuvinsaren laguntzarekin, alokairura bideratutako hiru etxebizitza egin zituen. Egoitz Urritza Lazkoz alkateak aitortu duenez, "badugu ideia bat, baina oso zaila da gu bezalako herri txiki batek etxebizitzaren arloan erantzunak ematea".

Bitartean Santioalden urbanizazio bat egin du enpresa batek, dozena bat etxebizitza egiteko aukera ematen duena. Eraikuntza proiekturik ez dago. Bestetik, Bideberrialde eta Aita Patxi Ondarra kaleen arteko partzela enpresa batena da. Bere garaian hamabi bat prezio tasatuko etxebizitza egitea aurreikusi zuen. Udalak hiru egiteko aukera izanen luke. Baina hor ere ez da proiekturik. Urritzak gaineratu duenez, "Bakaikuk ez du Lehentasunezko Birgaitze Eremu izendapenik, baina interesgarria da". Alkateak gaineratu duenez, "udalak onartu berri du etxe hutsen inguruko ordenantza".

Iturmendi
Mediku kontsultategiaren gaineko solairua etxebizitzara bideratzeko asmoa du Iturmendiko Udalak. Kai Galartza Cervera alkateak azaldu duenez, "bi etxebizitza egin nahi ditugu, dauden premiei erantzuteko. Lanen aurrekontua 104.283,09 eurokoa (BEZik gabe) da eta Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planeko 70.000 euroko dirulaguntza dugu. Lanak 2028an eginen dira, baina gaia mugitzen heldu den urtean hasi beharko dugu", azaldu du alkateak. Udalak hutsik dauden etxebizitzen inguruko ordenantza onartu du.

Urdiain
Argi azaldu du egoera David Oroz Alonso alkateak: "Udalak ez du etxebizitzak eraikitzeko lursailik, denak herritarrenak edo sustatzaileenak dira. Beraz, udalak ez du etxebizitzaren arloan margen handirik". Alkateak jakinarazi duenez, hutsik dauden etxebizitzak zergapetzeko asmoa duen  Nafarroako Gobernuaren ikerketa batean parte hartuko du udalak. "Haiek parametro batzuk zehaztu dituzte, baina errealitatean baliagarriak diren jakin nahi dute", azaldu du Orozek. Bestela, Urdiaingo Udalak badu etxe hutsak zergapetzeko ordenantza onartuta. Eta Lehentasunezko Birgaitze Eremu izendapena lortzeko tramitazioa abiarazi dutela jakinarazi du.

Altsasu
Etxebizitza Merkatu Tentsionatuko Eremu da Altsasu 2028ko garilera arte. Etxebizitza Departamentuarekin lankidetzan, udala Altsasuko ezaugarrien araberako etxebizitza arloko neurrien plan espezifikoa lantzen ari da. Bestalde, Nasuvinsak Ualdera eta Amandrea kaleetako partzelan alokairu sozialeko 21 etxebizitza egin zituen. Haietako hamazazpi behin-behinean emanda daude. Urte bukaeran edo hasiera sartuko dira bizitzera bertara. Eraikinaren iparraldean, Galtzada eta Amandrea kaleko partzelan, kooperatiban bidez gehienez ere 21 etxebizitza eraikitzeko prozesua abiarazi dute Nasuvinsak eta Altsasuko Udalak. Dagoeneko bi bilera egin dituzte interesa duten pertsonekin, 50 baino gehiago dira.

Bestetik, Zumalakarregiko esku hartze orokorreko proiektua 2022tik indarrean da. Zumalakarregi plazako eta Bake kaleko hainbat komunitate hartzen ditu. Eraikinen inguratzailea berritzea eta igogailua jartzea erabakitzen duten komunitateek dirulaguntza handiagoak izanen dituzte. Berriki Etxebizitza Departamentuak proiektu horren indarraldia beste lau urtez luzatu du.

Horretaz aparte, Altsasuko Udalak azken bilkuran onartutako mozioaren bidez, Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiari eskatu dio hutsik dauden etxebizitzen kontrol eta inspekzioa egitea. Halako etxebizitzak atzemateko neurri hobe eta eraginkorragoak garatzea eskatu dio. Horrek udalari etxe hutsen gaineko zerga behar bezala kobratzeko aukera emanen liokeelako.

Olatzagutia 
Olatzagutiko Udalak etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala indarrean du. Bestetik, Nafarroako Gobernuaren 20.000 euroko laguntzarekin, Aztikerrek etxebizitzari buruzko azterlana egin zuen 2021ean. Horren ondoren, Nasuvinsarekin harremanetan egon da udalak. Bestalde, Olatzagutiko Udalak etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala onartu zuen 2025ean. Araudi horren bidez hutsik dauden etxebizitzak alokatzeko edo saltzeko merkatura ateratzeko bulkada bat izan nahi du zerga horrek.

Ziordia
Etxebizitza politikak egiteko Ziordiko Udalak duen zailtasuna da nabarmendu du Olatz Irizar Martinez alkateak: "Udalak ez du bertan eraiki daitekeen den lursailik". Horregatik, "udalak herri sarreran zegoen etxe zahar bat erosi bota zuen. Ondoan dagoen etxe zaharra ere erosi du. Orain hori botako du eta, horrela, lursail urbanizagarri bat izanen du udalak. Ez da oso handia, baina sei-bat pisu egiteko aukera emanen luke", azaldu du alkateak. Bitartean udal eraikina botatzeko dagoen gobernuaren laguntza deialdirako eskabidea prestatzen ari da udala. "Baldintzak zorrotzak dira", ziurtatu du Irizarrek.

Sei etxebizitza horiek egiteko hurrengo legegintzaldira itxaron beharko dela aurreratu du alkateak. "Nasuvinsarekin harremanetan jarriko gara, dirulaguntzak eskatuko ditugu, nahiz eta dirurik ez dagoela esaten diguten".

Pandemiaren ondoren, gazteen artean etxebizitzaren inguruko galdetegia egin zuen udalak. "Jende gutxik erantzun zuen. Eta erantzun zutenek lursaila duen etxebizitza eskatzen zuten. Baina ez dugu horretarako lursailik", nabarmendu du alkateak. Hala ere, herrian jarrera aldaketa nabaritzen ari dira eta "gazteek Ziordian bizitzeko zerbait behar dutela iruditzen zaigu. Baina oraindik ez ditugu Sakanako galdetegiko emaitzarik jaso", esan du Irizarrek. Gaineratu duenez, "kanpoko jendea etorri, etxea erosi, berritu eta bertan bizitzen gelditzen ari da. Bestetik, etxe bat berritu eta bertan bizpahiru etxebizitza ere egin izan da".

Lehentasunezko Birgaitze Eremu izendapena duela lau-bat urte eskatu zuen udalak, baina oraindik ez du erantzunik jaso. Zaharberritze lanetarako dirulaguntzak onartuta ditu udalak, baita hutsik dauden etxe hutsei buruzko ordenantza ere.