61. Behobia-Donostia lasterketa, beste behin, arrakasta hutsa izan zen. Tenperatura epelez ohartarazi zuen antolakuntzak, bero kolpeen arriskuez, eta hidratazioari aparteko arreta jartzea. Egia esan, beroa nabaritu zen, baina ohiko arazoez gaindi, atletismoaren festa izan zen Behobia eta Donostia batzen dituen ia 21 kilometroko proba herrikoia, eta lasterkariek errepide bazterrak betetzen zituzten ikusleen animoak izan zituzten uneoro.
Handbike-ko podiuma
Ezgaitasunen bat dutenen modalitatean guztira 63 kirolarik osatu zuten Behobia-Donostia. Handbike modalitatetik iritsi zen albiste pozgarria, Iñaki Mujika altsasuarra bigarren izan baitzen (40:07), Thibaut Benoit txapeldunaren (39:40) atzetik. Altsasuarra sasoi betean dago, sekulako denboraldia eginda eta lehenengoz Behobia-Donostiako podiumera igotzea urte bikainari ginga jartzea izan da.
Patinetan
Irristaketa modalitatean 143 irristalari sailkatu ziren. Azkarrena Eraldatuz Euskal Irristaketa taldeko Julen Urkizar izan zen (33:50) bere taldekide Aitor Vacasi segundo bat aterata (33:50). Alberto Alemanek (35:04) osatu zuen podiuma. Lehen sakandarra Eraldatuz Euskal Irristaketako David Gonzalo uhartearra izan zen, helmugan seigarren (35:09).
Emakumezkoetan Garazi Ganuza izan zen garailea, helmugan hamaseigarren (40:24), Alba Cocaren (40:27) eta Berezi Martinez de Lafuenteren (41:12) aurretik. Nekane Ulaiar altsasuarra izan zen lehen sakandarra, helmugan 77. eta hamaikagarren emakumea (54:01).
Korrika
Korrikako modalitatean guztira 27.176 korrikalarik osatu zuten proba, tartean makina bat sakandarrek. Madrilen bizi den Katherine Tisalema ekuatoriarra (1:08:58) eta Javi Guerra segoviarra (1:01:13) izan ziren garaile handiak. Javi Guerrak iazko garaile Raul Celada (1:01:45) gainditu zuen, eta hirugarren Iraitz Arrospide tolosarra izan zen (1:02:27). Tisalemak 2025ean lortutako garaipena berritu zuen, eta Devora Krasimiro (1:09:52) eta Celia Anton (1:10:20). Nerea Murua altzotarra izan zen lehen euskalduna, hamahirugarrena (1:16:31).
Sakandarrei dagokienez, Axi Estarriaga etxarriarrak sekulako lasterketa egin zuen eta 40. iritsi zen (1:08:03), lehen sakandarra. Erkuden Andonegi 1.438. postuan iritsi zen helmugara (1:24:05), lehen sakandarra.
853 deskalifikatu
Bestalde, aipatzekoa da antolakuntzak 853 lasterkari deskalifikatu zituela, irteera unean zegozkien ordutegi edo blokeetan baino lehenago abiatzeagatik.