A11 Greba Orokorra

Sasoiak bat egin du azaroaren 11ko grebarekin

Guaixe

Sasoiak pentsio duinak aldarrikatzeko egindako bilkura. ARTXIBOA

Erakundeak mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die jubilatu eta pentsiodunei, zerbitzu publikoen defentsa eta etxebizitza duina izateko eskubidea ardatz hartuta.

Sasoia Nafarroako Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkarteak babes osoa eta elkartasuna adierazi dio azaroaren 11rako deitutako grebari. Elkarteko kideen esanetan, "erretiratu eta pentsiodunek ezin dute albo batera gelditu hamarkadetako borrokari esker lortutako eskubideak ahultzen ari diren egoeraren aurrean". Sasoiako kideen arabera, "osasungintza, hezkuntza, gizarte zerbitzuak, mendetasunaren arta eta pentsio sistema publikoa unibertsalki bermatu beharreko lorpen kolektiboak dira".

Horregatik, "pribatizazio politikak, aurrekontu murrizketak eta zerbitzu publikoen gainbehera" salatu dituzte elkartekideek. Horren ordez,"zerbitzu horiendako finantzaketa nahikoa, kudeaketa publiko zein gardena eta langileendako lan baldintza duinak" eskatu dituzte.

Etxebizitzari dagokionez, Sasoia elkarteko kideek nabarmendu dutenez, "oinarrizko arazo sozial bihurtu da. Alokairuen garatzeak, higiezinen espekulazioak eta etxebizitza publikoaren faltak gazteen independentzia oztopatzen du, familia langileak pobretzen ditu eta pentsiodunei ere eragiten die". Horretaz aparte, "pertsona orok babesleku duina izatea bankuen, inbertsio fondoen eta jabe handien espekulazio interesen menpe egotea onartezina" dela adierazi dute.

Azkenik, "jubilatuen borroka langile klasearen borroka bera" dela azpimarratu dute, eta belaunaldien arteko aurrez aurrekoak baztertu dute. "Pentsio publiko duinak defendatzea soldata duinak, enplegu egonkorra eta kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzea ere bada" gaineratu dute.