A11 Greba Orokorra

ELAk euskal erakundeei "orain arte egin ez dutena egitea" eskatuko die

Guaixe

ELAko delegatuen kontzentrazioa. UTZITAKOA

Azaroaren 11ko greba orokorraren garrantzia nabarmendu du, "etxebizitza politikak errotik aldatzea eskatzeko".

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak esan duenez, "azaroaren 11n, ELA greba orokorrera joango gara, euskal erakunde guztiek orain arte egin ez dutena egin dezaten". Gaineratu duenez, "Hego Euskal Herriko gobernuek batez ere, eta, neurri txikiagoan, aldundiek eta udalek eskumen zabalak dituztela espekulazioari aurre egiteko eta etxebizitzarako eskubidea bermatzeko". 

Euskal Herrian mobilizatzearen garrantzia gogorarazi du Lakuntzak: "1999tik, 13 greba orokor egin ditugu; horrek erakusten du ez garela Espainiako sindikalismoaren azpisistema bat; aldi horretan, UGTk eta CCOOk lau greba orokor baino ez dituzte egin, eta Estatuko esparrua inposatu dute, prekarietatea eta euskal hitzarmenen baino lan-baldintza okerragoak ezarriz".

Aldarrikapenak
ELAk greba orokorrean etxebizitzarako eskubidea bermatzeko neurri zehatzak aldarrikatzea eta gutxienez 1.500 euroko Lanbide arteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzea exijituko du. Horrekin batera, hainbat neurri zehatz proposatu ditu ELAk. Batetik, bizitzeko alternatibarik gabeko etxegabetzeak debekatzea. Bestetik, higiezinekin egiten den espekulazioa galaraztea. "Horretarako, inbertsio funtsei eta espekulazio sozietateei ez zaie utzi behar etxebizitzarik eta eraikitzeko lursailik erosten; xede soziala betetzen ez duten funtsen etxebizitzak desjabetu behar dira".

Aldi berean, ELAk banku publikoa sortzea proposatu du, "betiko bankuen negozioari eta gehiegikeriei amaiera emateko". Horretaz aparte, alokairuaren prezioen interbentzioa" eskatu du: "Hego Euskal Herri osora hedatu behar dira tentsiopeko guneak; prezioak apaltzeko indize propioak ezarri, eta alokairu kontratu mugagabeak edo iraupen luzekoak" zabaltzea eskatu du.
ELAk ezinbesteko jo du "alokairuko parke publikoa handitzea: "Etxebizitzako inbertsio publikoa epe laburrean BPGaren % 1eraino handitu; mailaka % 2raino igo, eraikuntza eta kudeaketa publikoa lehenetsiz, sustatzaile pribatuekiko menpekotasuna buka dadin".

Horietaz aparte, etxebizitzaren fiskalitatea aldatzea eskatu du ELAk: "Jabeentzako hobari fiskalak kendu eta jabe handien sarreren gaineko zerga handiagoak ezarri". Bukatzeko, sindikatuak etxebizitza esparru propiorantz jotzeko beharra nabarmendu du: "Eskumen osoa eskatu behar da hainbat alorretako araugintza hemen egiteko (alokairua, jabetza, finantzaketa, etxebizitzaren xede soziala eta etxegabetzeen kontrako babesa)".