Hego Euskal Herrian azaroaren 11n egingo den etxebizitzaren aldeko greba orokorrak "kalera ateratzeko eta gure ahotsa entzunarazteko aukera paregabea eskaintzen" du STEILASek. Sindikatuko kideen iritziz, "etxebizitzarekin dugun egoera larriaren arrazoi nagusia etxebizitza inbertsio funts gisa erabiltzea da. Merkatua autorregulatuko zela sinetsarazi digute gobernu ezberdinek, eta praktika neoliberal basatiak ezarri dituzte bien bitartean. Hala, jabe gutxi batzuen esku daude etxe kopuru handiak eta merkatuaren kontrola ezartzen dute, eraikin berrien eta alokairuen prezioen kontrola beraien mesedetan erabiliz". Oligopolio horren kaltetuak langileak direla jakinarazi dute, "izan ere, alokairu eta hipotekak ordainezinak dira eta elikagai eta erregaien garestitzeak ezin ditugu asumitu". Turismora bideratutako etxebizitzak ere izan dituzte gogoan STEILASeko kideek: "errentagarritasun handia eskaintzen dute eta inguruko etxeen gainkostuan eragin zuzena dute, bizitza ahalbidetu baino espekulazio gai bihurtzen baitira".
SETILASekoek nabarmendu dutenez, "egoera latz honek langileon klaseari ez ezik hezkuntzari ere bete-betean eragiten dio: ikasle askoren etxebizitzek ez dituzte bizitzeko baldintza minimoak betetzen, eta beste askoren familiek, ordaindu ezin dituzten kostuak asumitu behar izaten dituzte. Honek zaurgarritasun egoera muturrekoak sortzen ditu, hala nola, etxegabetzeak, bazterkeria soziala, desnutrizioa, eta abar".
Alokairuaren krisiari, energia krisia eta klima larrialdia batzearen ondorioz "garestitu egin dira oinarrizko elikagaiak eta beste produktuak. Hala, familiek gero eta diru gutxiago daukate ezinbesteko gastuei aurre egiteko". STEILASeko kideek Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa aldarrikatu dute horri kontra egiteko. Horrekin batera sindikatuak honakoak eskatu ditu: etxebizitzak merkatuaren logikatik kanpo gelditzea; alokairuko etxebizitza parke publiko zabala, iraunkorra eta espekulaziorik gabea; hutsik dauden etxebizitzak betetzeko eta egoera kaskarrean daudenak birgaitzeko neurriak; alokairuen eta etxebizitzen prezioei muga eraginkorrak jartzea; ohiko etxebizitzak turismora bideratzeko araudia zorroztea; etxebizitza publikoen pribatizazio eta salmentarekin bukatzea; etxegabetzeak etetea; etxebizitza metaketa pribatuen erregulazio zorrotza eta etxebizitzaren espekulazioaren akabera.
Sindikatuko kideen iritziz, "etxebizitza duina izatea ez da pribilegioa, oinarrizko eskubidea baizik". STEILASeko kideek azpimarratu dutenez, "egoera horrek eragin zuzena du familien egonkortasunean, haurren ongizatean eta hezkuntza aukeretan ere. Ezin dugu bizitza duinaz, berdintasunaz edo hezkuntzarako eskubideaz hitz egin etxebizitza duina bermatuta ez dagoen bitartean".
STEILASeko kideek nabarmendu dutenez, "etxebizitzaren aldeko borrokak langile klase osoa ordezkatuko duten espazio zabalak behar ditu, siglen, protagonismoen eta interes partikularren gainetik. Arduraz jokatzeko eta indarrak batzeko garaia da, ez elkar oztopatzekoa. Erantzukizun kolektiboa ezinbestekoa da benetako eraldaketa soziala lortu nahi badugu. Indarra batasunean dago, ez norgehiagokan".
Horregatik, "asteazken honetan kaleak betetzeko deia" egin du STEILASek. "Etxebizitza ezin da negozio hutsa izan eta ezin dugu merkatuaren esku utzi pertsonen bizitza. Politika ausartak eta egiturazko aldaketak behar ditugu, pertsonen beharrak eta eskubideak erdigunean jarriko dituztenak".