Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) bat egin du azaroaren 11ko greba orokorrarekin. "Euskal Herriko bi etxebizitza sindikatuek eta gehiengo sindikalak egin dute greba deialdia. Auziaren irtenbide gisa espekulatzaileak espropiatzea, espekulazioarekin bukatzea eta etxebizitza gehiengoaren beharren arabera planifikatzea aldarrikatu dute. Aldarrikapen horiek geure eginik, etxebizitzaren auziaz haratago grebari ikuspegi integral bat ematera begira", azaldu dute EHKSko kideek. Izan ere, "krisialdi kapitalistak langile klasearen bizitzak goitik behera zeharkatzen ditu eta horri guztiari aurre egiteko ikuspegi partzialak alboratu behar ditugu". Adierazi dutenez, "epe luzerako alternatibak behar ditugu, ortzi mugan kapitalismoa gainditzea izango dutenak eta gaurdanik borrokatzeko prestutasuna dutenak". Horregatik, greba orokorrerako deialdia "kapitalismoaren kritika erdigunean jartzeko eta langile klasearen bloke propioa hezurmamitzen joateko" baliatuko dute EHKSko kideek.
Salatu dutenez, "bizitzaren garestitze izugarria bizi du langileriak. Oinarrizko beharrizanen kostua ikaragarri hazi da azken urteetan, zeresanik ez, soldaten zenbatekoarekin alderatuta". Gaineratu dutenez, "egoera jasanezina da langile klasearentzat eta osotasunaren ikuspegia berreskuratzea urgentziazkoa da".
Kapitalismoaren krisia
EHKSko kideek "zerbitzu publikoen eta, oro har, sistema publikoaren gainbeheraren" aurrean, "kalitatezko zerbitzu publikoak" aldarrikatu dituzte, esaterako, osasungintzan, hezkuntzan edota azpiegituretan. Horretarako "aberatsen poltsikoetatik eta sistema pribatuari bideratzen zaion dirutik indartu behar da sistema publikoa. Bizitzaren kostuaren gorakada eta zerbitzu publikoen izoztea zein beherakada, biak, langile klasearen pobretzea eragiten ari dira". Horri gehitu diote "soldaten beherakada edota izoztea eta lan baldintzen kaskartzea". Azaldu dutenez, "industria krisia bizi du Europak eta horren eraginak guregana iristen hasi dira. Industria-itxierak eta lan-kaleratzeak, batetik, eta lan eskubideen urratzeak, bestetik, kapitalismoaren agendaren parte dira".
Alderdiko kideen iritziz, "egoera ekonomiko larriari, kapitalismoaren krisiaren adierazpen gordinena gehitzen zaio: gerra eta inperialismoa. Ukrainako gerra edota Iranen aurkako eraso inperialista tendentzia horren parte dira". EHKSko kideek azaldu dutenez, "estatu inperialistek eta oligarkiek gerren bitartez beraien boterea handitzen dute, eta bitartean, langile klasea modu bikoitz batean hondoratzen ari da: batetik, gerretan hiltzen den herritarren gehiengoa langile klasekoa delako; bestetik, gerraren albo-kalte ekonomikoak mundu guztiko langile klaseko kideok ordaintzen ditugulako". Nabarmendu dutenez, "gerrek zuzeneko eragina daukate bizitzaren garestitzean, zerbitzu publikoen kaskartzean edota faxismoaren zein autoritarismoaren gorakada, besteak beste".
Adierazi dutenez, "autoritarismoaren gorakada krisialdi ekonomikoaren atzealde bezala identifikatu behar dugu. Faxismoa estatuen bilakaera autoritarioa bizkortzera datorren mugimendua da". Eta kontserbadoreei eta aurrerakoiei "programa autoritarioa exekutatzea" leporatu diete: "kontrol sozialaren areagotzea, inbertsio publikoa segurtasunaren esparrura mugitzea, berrarmatzea, mugen militarizazioa edota teknologia berrien erabilera sekuritista, guztiak, autoritarismoaren azpi-fenomenoak dira". Horiek guztiak "langile klasearen kontrako neurriak dira", azpimarratu dute EHKSko kideek.