LAB sindikatuak azaroaren 11ko greba orokorrean parte hartzera eta euskal gehiengo sindikalak eta etxebizitza sindikatuek deitutako mobilizazioekin bat egitera deitu ditu sakandarrak. "Ez gaudelako prest bizitzaren prekarizazioa eta pobretzea onartzeko, eta etxebizitza langileok pobretzeko arrazoi nagusietako bat delako, soldata kaskarrekin batera. Egoera iraultzeko, sakoneko aldaketak behar ditugu eta horiek aldarrikatuko ditugu greba orokorrean", azaldu du LABeko Mendialdeko arduradun Gaizka Uharte Baldak.
Egoera aztertzean, LABeko kideak adierazi duenez, "Madrilen higiezinen patronalarekin lerratu dira EAJ eta UPN. Bitartean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Hego Euskal Herrian etxebizitzaren eskubidearen eta gutxieneko soldata propioaren aldeko neurriei bizkarra eman diete". Greba orokorraren bitartez "EAJri eta UPNri exijituko diegu Madrilen eta Euskal Herrian langileen prekarizazioan sakontzen duten neurriak ezartzeari uzteko". Horrekin batera, "Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatuko diegu langileei bizkarra ematen dieten neurriak ezartzeari uzteko, eta langileen aldeko politikak ezartzeko".
LABeko ordezkariak azaldu duenez, "patronalak langileon prekarizazioa betikotzen jarraitzen du, eta uko egiten dio hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari, eta, etxebizitzaren eremuan, higiezinen patronalak langileon bizitzen kontura aberasten jarraitzen du". Horiek ere greba egiteko arrazoiak direla nabarmendu du Uhartek.
Hartu beharreko neurriak
Greba orokorraren bitartez, "bertako errealitatera egokitutako soldata duina ezartzea" eskatuko du LABek. Aurten, gutxienez, 1.500 eurokoa. Horrekin batera, mobilizazio egunean "erosahalmena mantenduko duten soldata igoerak eta soldata arrakalekin bukatzeko egiturazko neurriak eskatuko ditugu, baita soldata mantenduz lanaldi murrizketak ezartzea ere".
Etxebizitzari dagokionez, Uhartek honako neurriak aldarrikatu ditu: "errentismoarekin eta negozioarekin bukatzeko egiturazko neurriak, hau da: alokairu kontratu mugagabeak; alokairuen prezioak jaitsi eta merkatuan esku hartzea; etxegabetzeekin bukatzea; funts putreak desjabetu eta Euskal Herritik kanporatzea; espekulazioa debekatzea eta parke publikoa defendatu eta handitzea".