Futbola

Lagun Artearen eta Altsasu B-ren ezina

Guaixe

Altsasuk Leitzan jokatuko du azaroaren 15ean. 

Erregional mailako zortzigarren jardunaldiak ez zuen Sakanan punturik utzi.

Erregional mailan Lagun Arteak Beti Kozkor B taldearen kontra jokatu zuen Lekunberrin eta lakuntzarrek kolpe gogorra jaso zuten. Hasieran parez pare aritu ziren bi taldeak. Beti Kozkor aurreratu zen, baina Iker Anduezak berdindu zuen (1-1), eta nahiz eta Beti Kozkorrek bi gol jarraian sartu (3-1) atsedenaldia baino lehen Alain Razkinek sartutako golari esker Lagun Artea partidan sartu zen berriro (3-2). Bigarren zatian Beti Kozkor izan zen nagusi, eta, azkenean, 6-2 irabazi zuten Lekunberrikoek. 

Altsasu B taldeak Beloso hartu zuen Dantzalekun. Gauzak ongi hasi ziren gorritxoendako, Josu Larreak 1-0 aurreratu baitzuen Altsasu. Lehen zatiko luzapenean Belosok bana berdindu zuen eta bigarren zatia hasi eta berehala, penaltiz sartutako golari esker 1-2 aurreratu ziren. Mounir Elk Akkarik bina berdindu zuen (2-2), baina azken txanpan Beloso finago aritu zen eta hirugarren golaren atzetik luzapenean 2-4koa ezarri zuten. 

Berriozar da erregional mailako liderra (19 puntu), Lagun Artea seigarren (13 puntu) eta Altsasu hamalaugarren (3 puntu). Azaroaren 14an Lagun Arteak sailkapenean azkena den Doneztebe hartuko du (15:30) eta azaroaren 15ean Altsasu B-k Leitzan jokatuko du sailkapenean hamaikagarren den Aurrera taldearen kontra (20:00).