Futbola

Derbi sakandarreko puntuak Dantzalekun geratu ziren

Maider Betelu Ganboa

Altsasu, pozarren. ALTSASU K.E.

Preferente mailako derbian, Altsasuk Etxarriri luzapenean irabazi zion eta lider jarri da.

Preferente mailako zortzigarren jardunaldian jokatu zen Altsasuren eta Etxarri Aranatzen arteko derbia, Dantzalekun. Ikusmina handia zen eta partidak emozioa izan zuen bukaerara arte. Partida oso parekatuan, Jon Erdoziak Etxarri aurreratu zuen 17. minutuan (0-1), baina Aitor Augustok berdinketaren gola sartu zuen 38. minutuan (1-1). Atsedenaldia baino lehen atzera ere aurreratzea lortu zuen Etxarrik, bigarrenez gola sartu zuen Jon Erdoziari esker (1-2). Partidak bizi-bizi eta emozio handiz jarraitu zuen bukaerara arte. Etxarri Aranatzek 3 puntuak eramango zituela zirudienean, 88. minutuan Unai Calvok altsasuarren berdinketaren gola sartu zuen (2-2), zale altsasuarrek garaipen gisa ospatu zutena. Baina partidak emozio gehiago izan zuen, luzapeneko 4. minutuan Asier San Romanek sartutako golak 3 puntuak etxean utzi zituelako (3-2) eta Altsasu preferenteko lider jarri zelako. Dantzalekun barreiatutako zoramena ikaragarria izan zen. 

Datorren jardunaldia, erabakigarria
Preferente mailako liderra Altsasu da (17 puntu), Mutilvera B taldearen aurretik (16 puntu). Etxarri Aranatz hamargarren da (9 puntu). Hain zuzen ere azaroaren 14an Altsasuk Mutilvera B izango du aurkari Aranguren kiroldegian (18:45), lidergoa jokoan dela. Bestalde, azaroaren 15ean Etxarri Aranatzek sailkapenean hamaikagarren eta arerio zuzena duen San Andres hartuko du San Donato zelaian (15:45).