Kolaborazioa

Non dago benetan hodeia?

Saioa Uribeetxeberria Lanz

Seguru inoiz entzun duzula honelako esaldiren bat: "Argazkiak hodeian gorde ditut", edo "Dokumentua hodeian dago". Baina... non dago hodei hori? Zer da benetan?

Erantzuna oso erraza da: hodeia ez dago zeruan.

Telefonoarekin argazki bat Google Photos-en gordetzen dugunean, dokumentu bat Google Drive-n uzten dugunean edo iCloud erabiltzen dugunean, fitxategi horiek ez dira gure mugikorrean edo ordenagailuan bakarrik geratzen. Munduko beste leku batean dagoen ordenagailu batean ere gordetzen dira.

Ordenagailu horiek ez daude bakarrik. Milaka eta milaka ordenagailu elkarren ondoan eta elkarrekin lanean daude, ordenagailu-etxalde edo zerbitzari-etxalde (server farm) modukoak osatuz. Ordenagailu horiek dauden eraikin handiei datu-zentroak (data center) deitzen zaie.

Guk mezu bat bidaltzen dugunean, argazki bat ikusten dugunean, bideo bat erreproduzitzen dugunean edo AAri galdera bat egiten diogunean, ordenagailu horiek dira informazioa prozesatu eta erantzuna bidaltzen digutenak.

Milaka ordenagailu horiek eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan ari dira lanean. Horregatik, elektrizitate-kantitate handia behar dute etengabe martxan egoteko. Gainera, lanean ari direnean bero handia sortzen dute; beraz, etengabe hoztu behar dira. Horretarako, hozte-sistema bereziak erabiltzen dira, eta datu-zentro askotan ura ere erabiltzen da tenperatura egokia mantentzeko.

https://guaixe.tok-md.com/argazkiak/mJg/cache/01_Datu_zentruak_tokikom_700x700.jpeg

Baina hodeiak ez du bakarrik balio gure argazkiak gordetzeko.

Lehenengo artikuluan ikusi genuen AA zer den. Orain badakigu AA ere hodeian "bizi" dela.

ChatGPT, Gemini edo Claude bezalako tresnak erabiltzen ditugunean, gure mugikorrak edo ordenagailuak ez du erantzuna sortzen. Gure galdera Internet bidez datu-zentro batera bidaltzen da. Han, milaka ordenagailuk batera egiten dute lan, eta segundo gutxitan erantzuna itzultzen digute.

Datu-zentro horietako asko mundu osoan banatuta daude eta Google, Microsoft, Amazon, Meta edo Apple bezalako enpresek kudeatzen dituzte. Europan ere milaka daude, eta azken urteotan Iberiar penintsula datu-zentro berriak eraikitzeko leku estrategiko bihurtzen ari da; izan ere, energia berriztagarri ugari ekoizten da bertan, eta nazioarteko komunikazio-sareekin lotura oso ona du.

Eta ba al zenekien Sakanatik oso gertu datu-zentro garrantzitsu bat dagoela? Araban, Arasur izeneko plataforma logistiko eta teknologikoan, datu-zentro berriak garatzen ari dira. Kokapen hori estrategikoa da, Europako zuntz optikoko sare nagusietako batekin konektatuta dagoelako. Sare horretan dago Marea izeneko itsaspeko kablea ere; kable horrek Europa eta Estatu Batuak lotzen ditu, eta gaur egungo Interneteko komunikazioaren zati handi bat handik igarotzen da.

Internet ez da haririk gabeko magia. Munduko kontinenteak lotzen dituzten itsaspeko kableei eta datu-zentroei esker funtzionatzen du.

Guzti honengatik, gero eta gehiago hitz egiten da datu-zentroek ingurumenan duten eraginaz. Teknologiak aukera handiak eskaintzen dizkigu, baina arduraz erabiltzea ere gure esku dago.

Adibide praktikoa

Saiatu ariketa txiki hau egiten.

Lehenik, ireki Google Photos, Google Drive edo iCloud, eta begiratu zenbat argazki edo dokumentu dituzun gordeta.

Ondoren, bisitatu datu-zentroen mapa interaktibo bat, adibidez:

https://www.datacentermap.com

Mapan milaka puntu ikusiko dituzu Europa osoan, Ameriketan eta Asian banatuta.

Pentsa ezazu une batez:

  • Non egongo dira nire argazkiak?
  • Zenbat ordenagailu ari dira lanean nik argazki bat irekitzen dudanean?
  • Eta ChatGPTri galdera bat egiten diodanean, nora bidaiatzen du nire mezuak?

Horrela konturatuko zara "hodeia" ez dela zeruan dagoen zerbait. Mundu osoan banatutako datu-zentro sare handi bat da.

Egunero erabiltzen ditugun zerbitzu askok (Google Fotos, Gmail, WhatsApp edo ChatGPT) Dublin, Madril, Frankfurt, Amsterdam edo Paris bezalako Europako hirietan kokatutako datu-zentro handiei esker funtzionatzen dute.

Egia ala gezurra?

"Argazki bat hodeian gordetzen dudanean, ez dago inon; Interneten besterik ez dago"
Erantzuna: × Gezurra.

Argazki, dokumentu edo bideo bakoitza munduko datu-zentro batean dagoen benetako ordenagailu batean gordetzen da. Hodeia ez da leku magiko bat; elkarrekin konektatutako milaka ordenagailuk osatzen dute.