Sakandarrak ederki Behobia-Donostia atletismo festan

Maider Betelu Ganboa

Bere helburua denbora hobetzea zen, baina horretaz gaindi podiumera igotzea lortu zuen Iñaki Mujikak. FORTUNA

Iñaki Mujika bigarren izan zen handbike modalitatean eta podiumera igo zen. Korrikako modalitatean Axi Estarriaga eta Andrea Aristu lehen sakandarrak izan ziren, eta irristaketakoan David Gonzalo eta Nekane Ulaiar.

Azaroaren 8an jokatutako 61. Behobia-Donostia lasterketa, beste behin, arrakasta hutsa izan zen, atletismoaren festa. Behobia eta Donostia batzen dituen 20 kilometroko proba herrikoi gorabeheratsua sekulako giroan jokatu zen, lasterkariek errepide bazterrak betetzen zituzten ikusleen animoak izan baitzituzten uneoro, hasieratik bukaerara arte. Lasterkariek Gaintxurizketa, Kaputxinoak eta Mirakruz gainetan behar izan zuten ikusleen babes gehiena, eta Bulebarreko helmugara jota baina irribarre batekin iritsi ziren denak. 

Handbike-eko ezustekoa
Desgaitasuna duten kirolarien modalitatean guztira 63 kirolarik osatu zuten Behobia-Donostia. Handbike-etik iritsi zen albiste pozgarria, Iñaki Mujika Izagirre altsasuarra bigarren izan baitzen (40:11), Thibaut Benoit txapeldun handiaren atzetik (39:40). Altsasuarra sasoi betean dago, sekulako denboraldia egin du eta bere bizitzan lehenengoz Behobia-Donostiako podiumera igotzea urte bikainari ginga jartzea izan da berarendako. Bere erronka iazko denbora (44:08), 2 minututan jaistea zen, baina denbora jaisteaz gaindi Bulebarreko podiumera igotzea lortu zuen, inondik inora espero ez zuena baina merezitakoa, zalantzarik gabe.

Gonzalo eta Ulaiar goian
Irristaketa modalitatean 143 irristalarik osatu zuten proba. Azkarrena Eraldatuz Euskal Irristaketa taldeko Julen Urkizar izan zen (33:50), bere taldekide Aitor Vacasi segundo bat aterata (33:50). Alberto Alemanek (35:04) osatu zuen podiuma. Lehen sakandarra Eraldatuz Euskal Irristaketako David Gonzalo uhartearra izan zen, helmugan seigarren (35:09). Gonzalok aipatu zuenez, Eraldatuz Euskal Irristaketa taldeko taldekideren batek irabaztea zen erronka; beraz, ederki ospatu zuten. 

Emakumezkoetan Garazi Ganuza izan zen garailea, helmugan hamaseigarren (40:24), Alba Cocaren (40:27) eta Berezi Martinez de Lafuenteren (41:12) aurretik. Nekane Ulaiar altsasuarra lehen sakandarra izan zen, helmugan 77. eta hamaikagarren emakumea (54:01).

Estarriaga eta Beraza ederki
Korrikako modalitatean guztira 27.176 korrikalari sailkatu ziren. Katherine Tisalema ekuatoriarra (1:08:58) eta Javi Guerra segoviarra (1:01:13) izan ziren txapeldun handiak. Javi Guerra berria zen proban eta iazko garaile Raul Celada (1:01:45) gainditu zuen. Hirugarren Iraitz Arrospide tolosarra izan zen (1:02:27). Axi Estarriaga etxarriarrak sekulako lasterketa egin zuen eta 40. iritsi zen (1:08:03), lehen sakandarra. Katherine Tisalemak 2025ean lortutako garaipena berritu zuen, eta Devora Krasimirova (1:09:52) eta Celia Anton (1:10:20) mendean hartu. Hasiera batean Erkuden Andonegi lehen sakandarra izan zela argitaratu genuen, baina Andonegiren dortsalarekin kide altsasuar bat aritu zen, gizonezkoa, 1.438. postuan iritsi zena (1:24:05). Lehen sakandarra, hortaz, Maalen Beraza irintarra izan zen, helmugan 4.765. postuan (1:35:18). 

57 sakandar
Modalitate guztiak kontuan hartuta, 57 sakandar lehiatu ziren aurtengo Behobian. Iaz 39 izan ziren eta duela bi urte 60. 

853 deskalifikatu
Antolakuntzak 853 lasterkari deskalifikatu zituen, zegozkien ordutegietan baino lehenago abiatzeagatik.

 

Sakandarrak 61. Behobia-Donostian

Korrika (20 km)
Gizonak
1. Javier Guerra 1:01:13
40. Asier Estarriaga 1:08:03
109. Aritz Etxeberria 1:11:10
275. Ivan Sobredo 1:14:30
854. David Mutiloa 1:20:20
1438. X  1:24:05
1520. Iñaki Azkona 1:24:30
2656. Eduard Casanovas 1:29:21
3529. Manolito Cambero 1:32:11
3584. Xabier Otxotorena 1:32:20
4623. Alejandro Pain 1:35:01
5378. David Fdz. Garaialde Lazkano 1:36:48
6137. Joseba Gandarias 1:38:27
6628. Eneko Cruz 1:39:22
6671. Javier Saldise 1:39:26
6934. Iban Martin 1:39:52
7004. Mikel Navarro 1:39:58
7257. Iñigo Rekalde 1:40:26
7546. Mohamed Dafoufi 1:40:55
7696. Josu Gilen 1:41:11
10136. Xabier Razkin 1:45:29
10519. Eduardo Ramirez 1:46:09
11546. Gorka Perianez 1:47:55
11716. Unai bueno 1:48:10
12023. Santi Agirre 1:48:41
12999. Juantxo Azurmendi 1:50:15
13742. Adrian Jaka 1:51:28
14543. Iñigo Orella 1:52:54
15042. Adrian Claver 1:53:46
15848. Iñaki Mauleon 1:55:08
17767. Jose Antonio Lahoz 1:58:21
17996. Markel Moreno 1:58:43
20199. Kaxi Estarriaga 2:03:26
25636. Aitor Zubiria 2:30:29

Emakumeak
56. Katherine Ruth Tisalema 1:08:58
4292. Andrea Aristu 1:34:10
4765. Maalen Beraza 1:35:18
4897. Aizea Beraza 1:35:36
6425. Maider Iragi 1:39:00
13014. Erkuden San Martin 1:50:16
14454. Olatz Monreal 1:52:44
14709. Ginesa Lopez 1:53:11
15053. Zuriñe Arguelles 1:53:46
17761. Ana Isabel Angulo 1:58:21
18003. Naroa Moreno 1:58:43
18923. Leire Olazaran 2:00:37
20201. Ana Razkin 2:03:26
20206. Leire Estarriaga 2:03:26
21817. Silvia Rodriguez 2:07:36
24210. Beatriz Vegas 2:17:02
24296. Irati Zubiria 2:17:27

*Egokitutako ordua baino lehen irteteagatik deskalifikatuta: Mikel Berdud eta Iñaki Lacalle
*Bukatu gabe: Egoitz Carrion, Aratz Mendoza. 

Handbike (20 km)
1.Thibaut Benoit 39:40
2. Iñaki Mujika 40:11

Irristaketa (20 km)
Gizonak
1. Julen Urkizar 33:50
6. David Gonzalo 35:09
31. Javier Gonzalo 42:56

Emakumeak
16. Garazi Ganuza 40:24
77. Nekane Ulaiar 54:01