Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide sakandarrak dira Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Urdiaingo udalak. Euskara ezagutza eta erabilera mailan udalerri batetik bestera aldea dago. "Aipatutako udalerri horietan euskararen ezagutza %60tik gorakoa da. UEMAn onartua izateko kontuan hartzen da udalerrian euskara dakitenen portzentajea eta euskaldun hartzaileen portzentajearen erdia. Horri esker ezagutzan beherago dauden Lakuntza eta Bakaiku ere sartu ziren UEMAn", azaldu du Izaskun Errazkin Beltzak, Sakanako Mankomunitateko euskara teknikariak. "Gutxieneko ehuneko horretatik nabarmen gora dago Arbizu, bai ezagutzan, bai erabileran, %80tik gertu. Etxarri Aranatz %61aren bueltan dago. Gainerako herriak koxka bat beherago daude", argitu du Errazkinek.
UEMAk Esnatu dinamika aurkeztu zuen Lakuntzan azaroaren 4an. Kultur etxean sei herrietako 35-bat pertsona elkartu ziren, udal, ikastetxe, guraso elkarte, euskara eta kirol taldeetako ordezkariak eta euskaltzaleak. Euskara teknikariak azaldu duenez, Esnatu dinamikaren abiapuntuan dago "UEMAk eskatuta, egindako prospekzioa: gaur egungo joera soziolinguistikoak mantenduz gero, 2036an zein izanen litzateke euskararen egoera UEMAko herrietan?" Errazkinek argitu duenez, "emaitzaren arabera, arnasguneak desagertzeko joera dute, eta udalerriak ere gainbeheran daude. Horrek alarmak piztu zituen. Gure helburua baita gaur egungo joera soziolinguistiko horiek aldatzea". Gaineratu dutenez, "Euskal Herrian geldiune batean gaude. Baina gauzak aldatzen ez baditugu, badirudi euskarak galerako bidea hartuko duela". Testuinguru horretan heldu da Esnatu dinamika.
Dinamikaz
Lakuntzan Garikoitz Goikoetxeak Iñaki Iurrebaso Biterirekin batera idatzi duen Esnatu ala hil liburua aurkeztu zuen. "Izenburuari erreparatuta, UEMAk gu guztiok esnatzea nahi du. Eta bere dinamikari Esnatu izena eman dio horregatik. Dinamikaren muina da: datorrenaren aurrean goazen neurriak hartzera eta euskararen aldeko erabakiak hartzera".
Teknikariak azaldu duenez, UEMAk "administrazioari neurriak hartzea eskatzen dio. Eta proposatu zuten euskararendako lurralde estrategia onartzea. Hau da, lege babesa ematea euskararen lurraldeari". Horrekin batera, herriko eragileei ere "esnatzeko" deia egin die UEMAk: ikastetxeei, elkarteei, kultur edo kirol taldeei: "euskara denon ardura da eta euskarak aurrera egingo badu, denok eman behar ditugu pausoak".
Mankomunitateko arduradunek herrietako eragile horiei eskatu diete uema.eus webguneko Esnatu atalean sartzeko. "Dinamika zertan datzan azaltzen dute. Eta badu konpromisoak hartzeko atal bat. Azaro guztia dute eragileek beraien konpromisoak hartu eta webgunearen bidez UEMAri jakinarazteko", azaldu du Errazkinek. Gaineratu duenez, "dagoeneko UEMAko beste herri batzuetako eragileek hartu dituzten konpromisoak eta Sakanako lau udalenak ikusgai daude UEMAren webgunean. Denetariko taldeak daude, eta bakoitzak bere egoeraren arabera konpromiso batzuk edo besteak hartu ditu: komunikazioari dagozkionak, barne erabilerari dagozkionak..." Teknikariak beste herrietako taldeek zer konpromiso hartu dituzten ikustera gonbidatu du, "uste dut lagungarria izanen dela".
Euskara teknikariak esan duenez, "eragile edo talde bakoitzak bere hausnarketa eta bere lanketa egin behar du. Barruko lana da. Ez da bakarrik webgunean zein konpromiso hartu duten adieraztea. Taldeak animatu nahi ditugu hausnarketa zintzoa egitera, konpromisoak hartzera eta talde barruan nahiz kanpoan horiek komunikatzera".
Hilabete akaberara arteko epea dute horretarako. UEMAk, udalek eta Euskara Zerbitzuak konpromisoak hartzera animatuko ditugu. Bide horretan laguntzeko prest gaude. Baina lan garrantzitsuena talde barruko hori da", zehaztu du Errazkinek. Euskara Zerbitzuaren laguntza nahi duenak 948 464 840 telefono zenbakira hots egin edo euskara2@sakana-mank.eus e-posta helbidera idatzi beharko du. UEMAko Mikel Orbañanos teknikaria Sakanan aritzen da eta bera ere laguntzeko prest izanen da.
Ondoren
UEMAk Esnatu dinamikari abenduaren 1ean emanen dio akabera. Orduan herrietako eragileek hartutako konpromisoen berri emanen dute. "Hasiera batean dinamika hor bukatuko da, dinamikaren barruan ez da jarraipenik izanen. Euskarak aurrera egin eta biziberritzeko denon lana beharrezkoa dela publiko egiteko modu bat da. Euskararen alde denok elkarrekin joan behar dugula adierazteko modua da. Hausnarketa egiteko balio dezake", esan du Errazkinek. Eta nabarmendu duenez, "bai UEMA bai Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzua beti eragileekin elkarlanean, laguntzen, ari gara, lanean jarraituko dugu".
Makina bat eragilek UEMAren Esnatu dinamikarekin bat egin dute: AEK, Cederna-Garalur, ELA, Kontseilua, hainbat kirol federazio, Bertsolari Elkartea, Fagor Taldea, Goiener elkartea, Hekimen, IKA, LAB eta Plazaola turismo partzuergoa.