Emakumeen Lehen Maila Autonomikoko bosgarren jardunaldian Xotak Ablitas taldea hartu zuen Irurtzunen. Partida estuan, bi taldeak nor baino nor lehiatu ziren eta, azkenean, Yolanda Martilek Ablitaseko Maialen Huerta atezainak defendatzen zuen atea zulatu zuen (1-0). Lehiak bizi-bizi jarraitu zuen Iradi Gorostiagak Xotaren bigarrena sartu arte (2-0). Talde irurtzundarrak ongi defendatu zuen eta, azkenean garaipena etxean geratu zen (2-0).
Aldiz, Arbizu Kirol Taldeak bidai gogorra egin zuen Tuterara, Tudelaren kontra porrot mingarria jaso baitzuen. Lehen minuturako aurreratu zen Tudela, eta gol erauntsiaren aurrean ezer gutxi egin ahal izan zuten arbizuarrek (12-0). Azken minutuan Sinead Hanniganek sartutako golari esker 12-1 despeditu zen partida.
Mendialdea A da liderra (15 puntu), Tudelaren, Union Tuteraren eta Azkarrenaren aurretik, hirurak 13na punturekin. Xota zortzigarren da (6 puntu), eta Arbizu Kirol Taldea hamalaugarrena, punturik gabe. Azaroaren 14an Xotak sailkapenean seigarren eta arerio zuzena den Marcilla aurora du aurkari Erriberan (19:00) eta azaroaren 13an Arbizu Kirol Taldeak hirugarren den Union Tutera hartuko du Arbizun (20:00).