Greba orokorraren kontura etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez! leloarekin egindako manifestazioak 4.000 sakandar baino gehiago elkartu zituen Altsasun atzo, asteazkena, azaroak 11. Deitzaileek akaberan salatu zutenez, "etxebizitza da langile klasearen pobretzearen arrazoi nagusietako bat". Izan ere, "prezioek gora egiten dute, bizitegi erabilerarako etxebizitzen kopurua murrizten ari den bitartean, etxegabetzeak ugaritzen ari dira eta, aldi berean, etxerik gabeko pertsonei zuzendutako baliabideak murrizten..." Nabarmendu zutenez, "etxebizitzaren inguruko negozio espekulatiboaren hazkundeak arrakala sozioekonomikoa zabaltzen ari da gure gizartean: Langileriaren zati batek familia ondaretik geratzen zaienari esker egin diezaieke aurre krisiari, baina beste asko dira aukera hori ez dutenak eta etxebizitza eskuragarri baterako sarbiderik ez dutenak". Gaztigatu zutenez, "arrakala horretatik sartu nahi dute faxismoak eta diskurtso erreakzionarioek, azkenaurrekoa azkenaren aurka jarriz". Azpimarratu zutenez, "etxebizitzaren arazoaren errudunak espekulatzaileak, errentistak, higiezinen patronala eta espekulazioa defendatzen duten politikariak dira, ez etxebizitzaren arazoa gehien pairatzen dutenak".
Horregatik deia: "Euskal langile klaseak batu egin behar du bere interes komunen alde eta espekulatzaileen kontra, betiere etxebizitzaren arazoaren alderik gordinena jasaten dutenen egoera erreferentziatzat hartuta". Horien artean kokatu zituzten, alde batetik, indarkeria matxista pairatzen duten emakumeek*, etxebizitza izateko eskubidea bermatuta ez dutenez, askotan erasotzaileekin bizitzen jarraitu behar dute. Bestetik, sexugenero disidenteek, etxetik kanporatuak izateko arrisku gehiago dute eta higiezinen merkatuak etengabe diskriminatzen ditu. Horiekin batera, babesik ez duten eta emantzipatu ezin diren gazte langileak. Eta, azkenik, higiezinen agentzien eta etxejabeen irizpide arrazista eta klasistak pairatzen dituzten pertsona arrazializatuek eta migratuek.
Sakanan Adania enpresak dituen negozioa eta praktikak salatu zituzten. Nafarroan ia mila pisu dituela eta Nafarroako Gobernuarengandik diru gehien jasotzen duen enpresa dela nabarmendu zuten. "Eraikuntza eta etxebizitzen alokairuarekin negozio milioiduna" egiten ari dela nabarmendu zuten. "Negozio hori ehunka familiaren aurrezkiak zurrupatuz eta etxegabetzeak gauzatuz mantentzen" dela nabarmendu duten Eta Adaniak ibarrean egindako bi etxegabetze gogora ekarri zuten. Bestetik, salatu zuten Sakanan populazioa herri handienetan pilatzen ari dela eta herri txikiak jendez eta zerbitzuz husten ari direla. Ergoienaren adibidea jarri zuten.
Ohiko bizileku ez diren 2.380 etxebizitza
Manifestazioko deitzaileek jakinarazi zutenez, Sakanan ohiko bizileku erabilera ez duten 2.380 etxebizitza daude, "haietako asko erabat hutsik daude". Azpimarratu zutenez, "egoera horrek izugarri murrizten ditu emantzipatzeko aukerak, baita ibarrean bizitzeko eta lan egiteko aukerak ere. Izan ere, datuek erakusten dute Nafarroan 30 urtetik beherako gazteen emantzipazio-tasa ez dela % 15era ere iristen".
Ziurtatu zutenez, "espekulatzaileen eta errentarien jarduerak eragin du etxebizitzaren krisia, eta, beraz, ezinbestekoa da langile klasearen antolaketa kolektiboa espekulatzaileei eta higiezinen patronalari aurre egiteko. Patronalak partida bikoitzetik estutzen ditu langileak; alde batetik, lanpostuetan, soldatak debaluatuz; eta, bestetik, etxebizitzaren eremuan, errentismoaren eta espekulazioaren bidez". Horregatik, "bi esparruetan klase borroka indartzeko eta kapitalaren eta patronalaren interesei aurre" egitera deitu zuten.
Espekulazioaren atzean "erantzukizun politiko eta instituzionalak" daudela adierazi zuten. Alde batetik, "eskuineko alderdiak ditugu, esaterako PP, UPN eta EAJ espekulazioa bulkatzen duten politikak ezkutatu gabe sustatzen dituztenak, eta kapitalaren agenda erreakzionarioaren mesederako politikak aplikatzen dituztenak". Bestetik, "PSOEren gobernua dugu, egoera errotik aldatzeko ezer egin ez duena, errentadunen eta enpresaburuen interesak ordezkatzen dituen heinean". PSOEren gobernuari babesa eman dioten alderdi guztiak ere seinalatu zituzten: "agerikoa da handikeriaz aurkeztutako Etxebizitza Legeak ez dituela agindutako aldaketak ekarri. Eraginkortasun urriko konponbide partzial batzuetatik harago, hartzen ari diren neurriek errentismoaren interesak eta finantzaketa blindatzea dute helburu".
Aldi berean, Euskal Herrian erantzukizuna duten erakunde guztiak ere seinalatu zituzten. "Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, baita foru aldundiek ere, eskumen zabalak izan arren, higiezinen negozioa indartzen duten politikak babesten dituzte. Eta alderdi guztietako udalek etengabe baimentzen edo zuzenean gauzatzen dituzte etxegabetzeak, alternatibarik eskaini gabe". Altsasuko Udalak bere jabetzako etxebizitzak merkatu pribatuan saltzea eta Nasuvinsarekin zituen akordioak haustea salatu zuten.
Hiru norabide
Manifestazioko deitzaileek etxebizitzaren arazoa konpontzeko hiru norabide proposatu zituzten, beti ere, "espekulazioarekin eta errentismoarekin bukatzeko" helburuz. Lehenik eta behin, "espekulatzaileak desjabetu behar ditugu. Hemen milaka etxebizitza daude gutxi batzuen eskuetan, berreskuratu eta behar kolektiboen zerbitzura jarri behar ditugu". Bigarrenik, "etxebizitzaren erabilera espekulatiboa eta errentatzailea debekatu behar dugu. Inor ez dadila bizi langileei soldata lapurtzetik errentaria izanda". Eta hirugarrenik, "etxebizitza eta baliabide guztiak langile klasearen beharren arabera antolatu behar ditugu. Merkatu libreak, bere eskaintza eta eskaerarekin, arazoak betikotzen ditu eta milaka euro kostatzen zaigu guri guztioi. Baliabideen arrazoizko antolaketa bat egon behar da, onura pribatuaren mende ez dagoena".
Adierazi zutenez, "ezinbestekoa da kolektiboki antolatzea, bai eskuineko balizko gobernu batek ekar dezakeen eskubideen atzerakadari aurre egiteko, bai ezkerreko gobernuak eman nahi izan ez dituen aurrerapausoak lortzeko".