Abiadura Handiko Treneko (AHT) Euskal Y eta Nafarroako korridorea lotzeko ibilbidea zehazteko zundaketak bukatu direla jakin du Stop zundaketak AHTrik ez! ekimenak. Gaineratu dutenez, "ibilbidea erabakitzeko egin nahi den azterlana laster plazaratuko dute. Baina kanpaina amaitu omen denez, ekimena behin–behinean gelditzea erabaki dugu". Jakinarazi dutenez, "badaezpada, protokoloaren telefonoak bere horretan dirau (656 711 130)".
Ekimeneko kideek azaldu dutenez, "hasieran egin asmo zituen hogeitik gora zundaketetatik hiru besterik ez dituzte egin: Idiazabalen, Beasainen eta Altsasun. Beste hiru saiakera, ordea, gelditu ziren Ataunen, Otxobin eta Izurdiagan, mehatxaturiko udalen eta larrialdi protokoloa aktibatu zuen zundaketen aurkako ekimenaren jarduera azkarrari esker". Gogoratu dutenez, "guztietan, zundaketen kontrako mobilizazio herritarra egon da. Aldi berean, mehatxaturiko eremuetako udal gehienek eskuan zituzten legezko tresnekin zundaketei baimena emateari uko egin eta zundaketa saiakerei aurre egitearen garrantzia ere, bereziki azpimarragarria izan da".
Zundaketen kontrako ekimeneko kideek emandako "erantzunaren balorazio oso positiboa egin da: herritarren, tokiko erakundeen eta ekimenaren kontrakotasunari esker, hilabetetarako aurreikusitako kanpaina urtetan luzatu da eta ez dute osorik burutu. Gainera, egitasmoarekin aurrera egiteko saihesbide modura Iruñerria-Altsasu tarterako argitaratu zuten azterlan informatiboari ere 7000tik gora alegazio aurkeztu zitzaizkion. Herritarren borondatearen adierazpen argia eta zoriontzeko modukoa izan da".
Zundaketen kontrako ekimena hiru urtez aritu da lanean. Kideek azaldu dutenez, tarte horretan "administrazioak inprobisazio ikaragarria eta intoxikazio mediatikoa eta gezurra sarri erabili ditu. Maiz, AHTaren aldeko alderdi politikoen eta lurraldeen arteko ika-mikak eta trazadura lehia izan dira ezintasun tekniko eta politiko sinestezin horren atzean egon direnak eta orain, hauteskundeak ate joka, antzerki mediatikoak darrai".
Azkenik, Stop zundaketak AHTrik ez! ekimeneko kideek esan dutenez, "tarte honetan sortutako baliabide eta eskarmentua, AHTari berari eta Lurraren kontrako beste mehatxu batzuei aurre egiteko balio dezakete, esaterako, hidrogenoa edota kobrea ustiatzeko zundaketak.
Kronologia laburra
- 2023ko udaberria Ataunen AHTarendako zundaketa bat egin nahian agertu ziren.
- 2023ko maiatza-iraila Itza, Goierri eta Sakanako udalei zundaketa geoteknikoak eta beste jarduketa batzuk egingo zituela jakinarazi zieten.
- 2023 garagarrila AHTaren kontrako Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabako hainbat kolektibok mehatxu horri aurre egiteko Stop zundaketak AHTrik ez! ekimena sortu eta erantzuteko protokoloa sortu zuten.