Nafarroako Elikagaien Bankua Fundazioak dei egin die sakandarrei udazkeneko Elikagaien Bilketa Handian parte har dezaten. Elkartasun kanpaina hori ostiralean eta larunbatean, azaroaren 13an eta14an, egingo da Nafarroako makina bat merkataritza establezimendutan. Bi egunetan, ehunka boluntario egongo dira supermerkatuetan eta saltoki handietan, herritarrei kanpainaren berri emateko eta erakundearen elikagai erreserbak indartzeko ekarpena egin nahi dutenen lankidetza errazteko.
Gainera, lagundu nahi dutenek zuzenean egin ahal izango dituzte ekarpen ekonomikoak kanpainaren egunetan establezimendu parte hartzaileen kutxatik pasatzean. Horretaz aparte, herritarrek diru dohaintzak www.bancoalimentosnavarra.org web orriaren bidez egiteko aukera dute, baita banku-transferentziaren bidez ere. BIZUMen bidez dirua eman nahi duenak, 00262 kodea erabili beharko du. Dohaintza horiei esker, Nafarroako Elikagaien Bankua Fundazioak une bakoitzean beharrezkoenak diren produktuak erosi ahal izango ditu, elikagaien laguntzaren kudeaketa optimizatzeko.
Ekimena funtsezko tresna da oinarrizko produktuen hornidura bermatzeko, eta, ondoren, gizarte-erakunde laguntzaileen bidez, larrialdi ekonomikoko edo gizarte-bazterketako egoeran dauden milaka pertsonaren eta familien artean banatzen dira.
Boluntarioak
Boluntario gisa parte hartu nahi dutenek honako bide hauen bidez eman dezakete izena: www.bancoalimentosnavarra.org webgunea, granrecogidaban@gmail.com e-posta edo 948 30 38 16 telefono zenbakia (astelehenetik ostiralera, goizez).