EH Bilduk "herritarren bizi baldintzak hobetzea, zerbitzu publikoak indartzea eta Euskal Herriaren erabakitzeko gaitasuna zabaltzea helburu" duten hainbat proposamen jaso ditu bere hauteskunde programan.
Etxebizitzaren arloan, koalizioak esku hartze publikoa indartzea proposatu du, "etxebizitza eskuragarriak bermatzeko eta espekulazioari aurre egiteko". Besteak beste, alokairu kontratuak automatikoki luzatzea, bizitoki alternatibarik ez duten pertsona zaurgarrien etxegabetzeak debekatzea, alokairuen igoerak mugatzea eta etxebizitzen erosketa espekulatiboari muga berriak jartzea planteatzen du. Era berean, legez kanpoko erabilera turistikoa duten etxebizitzen aurka jardutea eta higiezinen inbertsio sozietateen zerga abantailak ezabatzea proposatzen du.
Lan arloan, lanaldia astean 32 ordura edo lau egunera murriztea defendatzen du, soldatarik jaitsi gabe. Enpresa txikiek neurri horretara egokitzeko aukera izan dezaten, aplikazio mailakatua proposatzen du: lehenik, 35 ordura murriztea, eta gehienez hiru urteko epean helburura iristea. EH Bilduk nahi du "Euskal Herriko errealitate sozioekonomikora egokitutako gutxieneko soldata sortzea, bidegabeko kaleratzeengatiko kalte ordaina lanean emandako urte bakoitzeko gutxienez 45 egunera itzultzea eta prekarietateari zein aparteko orduen abusuzko erabilerari aurre egiteko neurriak".
Pentsioen arloan EH Bilduk "gutxieneko pentsioak Langilearteko Gutxieneko Soldataren parean jartzea eta alargun pentsioak zein kotizazio gabeko pentsioak gutxienez %15 handitzea" proposatu du. Horrekin batera, "KPIaren araberako urteko eguneratzea bermatzea, sistema publikoaren izaera blindatzea eta gutxienez 40 urtez kotizatu duten pertsonei pentsioa zigorrik gabe aitortzeko prozesua bukatzea" defendatu du.
Horretaz aparte, koalizioaren hauteskunde programak "zerbitzu publikoak eta babes sozialeko ezkutua indartzea" proposatu du. Baita "prezioen igoeren aurrean esku hartzeko gaitasun publikoa hobetzea" ere.