Hauteskunde orokorrak 2026

Geroa Baik mugaz gaindiko lankidetza aldarrikatu du

Guaixe

Geroa Baik Baztanen eman zuen mugaz gaindiko elkarlanari buruzko iritzia. UTZITAKOA

Koalizioak Iparralderekin lotura estuagoa izatea defendatu du. Espainia eta Frantziaren arteko Adiskidetasun Itunari PPk egindako blokeoa eta UPNk popularren kontrakoa ez esateko Senatuan emandako abstentzioa kritikatu dute.

Nafarroa eta Iparralderen arteko harremanak sendotzearen beharra aldarrikatu du Geroa Baik, “historia, loturak eta interes amankomun aunitz dituzten bi lurraldeek behar duten, erakundeen arteko lankidetzan sakonduz, bai eta lankidetza ekonomiko, sozial eta kulturalean ere”.

Pablo Azcona Kongresurako Geroa Bairen hautagaiak “mugaz gaindiko lankidetzan aurrera egitearen garrantzia” defendatu du, “garapen ekonomikorako, lurralde kohesiorako eta mugaren bi aldeetako herritarren bizi kalitatea hobetzeko aukera baita”. Geroa Baiko hautagaiak azpimarratu duenez, “Nafarroarendako muga ezin da garapenerako eta aukerentzako oztopoa izan. Iparralderekin dauden harreman guztiak zaindu eta sendotu beharra dugu. Mugaren bi aldeetan bizi, lan egin eta haien jarduera garatzen dutenen bizitza erraztea da helburua”, azpimarratu du Azconak.

Geroa Bairen Kongresurako hautagaiak defendatu duenez, Nafarroak “bizilagun dituen
lurraldeekin harreman eta lankidetza gaitasuna sakontzen jarraitu behar du, Iparralderekin bereziki, horretarako Europako lankidetza tresnak aprobetxatuz eta mugaldeko eskualdeengan eragin zuzena duten erabakitze organismoetan parte hartuz”. Eta Ana Ollok zuzentzen duen Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentutik sustatu den lanaren balioa azpimarratu du Azconak, mugaz gaindiko lankidetza sendotzeko egindako lana bereziki, POCTEFA europar programen ekimenen bitartez, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdean parte hartuz eta ondoko eskualdeekin harreman instituzionalak sendotuz. Azconak nabarmendu duenez, "lankidetza ekintza zehatzetan bihurtu beharra dago, mugikortasuna, komunikazioak, harreman komertzialak eta enpresen garapena erraztuz, bai eta kultura, euskara, turismoa edo jasangarritasuna bezalako proiektu elkarbanatuak mesedetuz ere”.

Kritika PP eta UPNri 
Mayte Espinosak Geroa Baiko Senaturako hautagaiak salatu egin du Alderdi Popularrak Espainia eta Frantziaren arteko Adiskidetasun eta Lankidetza Itunari ezezkoa eman izana, bi Estatuen arteko harremanak sendotzera bideraturiko akordioa izanik, bai eta alor estrategikoetan lankidetza errazteko ere, hala nola interkonexio energetikoak, azpiegiturak, mugikortasuna eta mugaz gaindiko lankidetza.

Senatuko hautagaiak gogorarazi du PPk eta Voxek kontrako botoa eman ziotela itun hau baimentzeari Goi Ganberan pasa den irailean, UPNk ordea abstentziora jo zuela. “Zaila da ulertzea zergatik blokeatu duen PPk bi Estatuen arteko lankidetza Nafarroarendako funtsezkoak diren gaietan hobetu dezakeen akordio hau. Mugaren bi aldeetan harreman komertzialak eta mugikortasuna errazteari buruz ari gara, baina baita ere proiektu estrategikoetan aurrera egiteari buruz, hala nola Frantziarekin interkonexio elektrikoa”, azpimarratu du Espinosak.

Hautagaia kritiko azaldu da ere UPNren jarrerarekin. “Beste behin ere, UPNk PPrengandik ez bereiztea erabaki du, modu zuzenean Nafarroaren onurarako izan daitekeen ekimen bat defendatu ordez". 

Frantziarekin interkonexio elektrikoen sendotzea Geroa Bairen aldarrikapena dela gogorarazi du Espinosak, hala eskatu baitu koalizioak behin baino gehiagotan Senatuan, “segurtasun energetikoarentzako duen garrantziagatik, bai eta industriaren lehiakortasunerako eta Nafarroa Europako sareetan sartzeko ere”.

Azkenik, Nafarroak bizilagun dituen lurraldeekin harremanak sendotzen jarraitu behar duela defendatu dute Azconak eta Espinosak, Europan presentzia eduki behar duela aldarrikatuz eta bere garapenari eragiten dioten erabakietan parte hartzeko gaitasuna eduki behar duela ere.