Hauteskunde orokorrak 2026

Sozialistek salatu dute "UPNk PPri men" egin diola

Guaixe

Ainhoa Unzu, PSNren bozeramailea. UTZITAKOA

Ondorioz, "UPN gure autogobernua mehatxatzen dutenen zerbitzura jartzea erabaki du". PSNk eskubide sozialekin eta etxebizitzarekin duen konpromisoa berretsi du.

PSN-PSOEk "aurrera egiten duen, eskubide sozialak babesten dituen eta herritar guztiendako aukerak bermatzen dituen Nafarroa defendatzen du, lortutako aurrerapenak atzerarazi nahi dituen eskuinaren aurrean". Hala aldarrikatu du Ainhoa Unzu bozeramaile sozialistak, eta soldata duinen, lan eskubideen eta etxebizitza eskuragarrien alde milaka nafar mobilizatu direla azpimarratu du. "Gehiengo sozial batek ez du etsi, aurrera egiten jarraitu nahi du eta bere eskubideak eta konkista sozialak defendatzeko prest dago", esan du.

Unzuk adibide gisa jarri ditu etxebizitza arloko desberdintasunak, eta gogorarazi du garagarrilean onartutako legeak bermatzen duela alokairu babestuko etxebizitzek ez dutela inoiz babesa galduko eta parke publikoa ez dela pribatu bihurtuko. Unzuk azaldu duenez, "neurri horrek Nafarroako milaka familiarendako alokairu merkeak ziurtatzea du helburu, eta, legeak UPNren, PPren eta VOXen erabateko gaitzespena jaso zuen". 

Bozeramaile sozialistak UPNk, PPk eta VOXek Inbertsio Planerako 100 milioi euro baino gehiago aurreikusten dituzten Aurrekontuei egindako osoko zuzenketak ere kritikatu ditu. "Guk baliabideak, neurriak eta konponbideak mahai gainean jartzen ditugun bitartean, haiek zuzenketak aurkezten dituzte Nafarroako familien beharrei erantzuna ematen dieten Aurrekontuak blokeatzeko", adierazi du Unzuk.

Aldi berean, PSNren bozeramaileak baieztatu du legebiltzarkide sozialistek gizarte erakunde bati bideratu diotela greba egunari dagokion soldata, bazterketa egoeran dauden pertsonei zuzendutako etxebizitza-arloko jarduera bat bultzatzeko. "Haien salaketen aurrean, erantzukizunez eta konpromiso sozialez erantzuten dugu. Denok berdinak ez garela frogatzen dugu", azpimarratu du.

Azkenik, Unzuk ohartarazi du UPN Alderdi Popularraren mende dagoela, "foru eskumenak mehatxatzen dituen alderdia, pentsioetan murrizketak planteatzen dituena eta lan eskubideak zalantzan jartzen dituena". Unzuk gaineratu duenez, "UPNk aukera zezakeen Nafarroa eta gure autogobernua defendatzearen edo gure Foru Erregimena mehatxatzen dutenen menpe jartzearen artean. Eta UPNk dagoeneko aukeratu du ", bukatu du.