Futbola

Lagun Artearen erantzuna, eta Altsasu B-ren ezina

Guaixe

Lagun Artea. 

Erregional mailako bederatzigarren jardunaldian Lagun Arteak hiru puntu batu zituen eta Altsasu B-k ez zuen zakua bete.

Erregional mailako bederatzigarren jardunaldian Lagun Arteak Doneztebe B taldea hartu zuen Zelai Berrin. Aurreko jardunaldian Beti Kozkorren kontra jipoi ederra jaso eta gero amorruz zelairatu ziren lakuntzarrak eta erasoaldia ongi atera zitzaien, hasieratik partida kontrolatu eta atsedenean aldageletara 4-0koarekin joan zirelako, Iker Anduezak (2), Eñaut Urritzak eta Amets Satrustegik sartutako golei esker. Bigarren zatian partidak ildo beretik segitu zuen. Alain Razkinek sartu zuen bosgarrena, eta Amets Satrustegik beste bi egin zituen, hat-tricka lortuz. Doneztebek ohorezko gola sartu zuen, baina ilusio hutsa izan zen, lakuntzarrek lanean segi eta  Eñaut Urrizak eta Doneztebek ate propioan sartutako golari esker Lagun Arteak 9-1 irabazi zuelako. 

Altsasu B-k Leitzan jokatu zuen Aurrera taldearen kontra eta antzeko emaitza izan zuen Ardiskilen jokatutako partidak, baina kasu honetan talde sakandarraren kontrakoa. Partida hasi bezain pronto hasi zen leitzarren erauntsia, eta bata bestearen atzetik, atsedenaldirako 5-0 aurreratu zen Leitza. Bigarren zatian partidak ildo beretik segi zuen eta 62. minuturako beste bi gol sartu zituen Leitzak (7-0). Tarte horretan Altsasuk minutu onak izan zituen eta Carlos Marcial Garciari eta Eneko Galani esker 7-2 hurbildu zen markagailuan, baina Leitzak berriro aginte makila hartu eta beste bi golekin partida itxita utzi zuen (9-2). 

Hurrena
Alde Zaharreko Kluba da erregional mailako bosgarren multzoko liderra (21 puntu). Lagun Artea seigarren da (16 puntu) eta Altsasu B hamalaugarren (3 puntu). Hamargarren jardunaldian Lagun Arteak sailkapenean hamaikagarren den Baztan B taldearen kontra jokatuko du azaroaren 21ean, Elizondoko Giltxaurdin (16:00). Egun berean Altsasu B taldeak sailkapenean bosgarren den San Jorge B hartuko du Dantzalekun (15:30).