Futbola

Altsasu lidergoa sendotzen, eta Etxarriren hirugarrena

Guaixe

Etxarri Aranatzek hirugarren garaipena lortu zuen eta Altsasuk lidergoa sendotu zuen. 

Preferente mailako bederatzigarren jardunaldian hiruna puntu lortu zituzten gure bi taldeek.

Erregional mailan Altsasuk Mutilvera B taldea izan zuen aurkari Arangurenen. Sailkapenean Altsasu lehena eta Mutilvera B bigarrena ziren, eta, hortaz, lidergoa egon zen jokoan. Partidaren garrantziaren isla, partida oso borrokatua izan zen, maila handikoa. Bi taldeek aukerak sortu zituzten, baina atsedenaldira husnako berdinketarekin joan ziren. Bigarren zatian bide beretik jarraitu zuen partidak, Unai Rodriguezek 80. minutuan baloia Mutilvera B-ren sareetara sartu eta Altsasu 0-1 aurreratu zenera arte. Lehia are gehiago estutu zen, baina Altsasuk ongi eutsi zion, eta 0-1 irabazita lidergoa sendotu zuen. 

Etxarri Aranatzek San Andres taldea hartu zuen San Donaton. Partida hasi eta berehala, 5. minuturako Urtzi Nazabalek Etxarri Aranatz aurreratu zuen (1-0). Gorritxoek serio segitu zuten, eta Jon Erdoziak 20. minutuan bigarrena sartu zuen, zaleen zoramenerako (2-0). Lehiak bizi-bizi segitu zuen. 73. minutuan San Andres 2-1 hurbildu eta partidan sartu zen, baina Etxarri Aranatzek bukaera ongi kudeatu zuen eta 2-1 irabazita hiru puntuak etxean geratu ziren eta denboraldiko hirugarren garaipena lortu zuten etxarriarrek. 

Datorrena
Altsasu da preferente mailako lider (20 puntu), Ciudad de Iruñari eta Subiza B-ri hiruna puntu aterata. Etxarri Aranatz bederatzigarren da (12 puntu). Hamargarren jardunaldian Altsasuk sailkapenean azkena den Gares B taldea hartuko du Dantzalekun azaroaren 21ean (18:00). Etxarri Aranatzek egun berean sailkapenean zortzigarren eta arerio zuzena den Ardoi B du aurkari El Pinar 1 futbol zelaian (16:00).