Txirrindularitza

Euskadiko Goi Mailako Kirolaren Zentroko baliabideak, Euskaltel Euskadi txirrindularitza taldearen eskura

Guaixe

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta Euskaltelekoak, zentroaren atean. EUSKALTEL EUSKADI

Eusko Jaurlaritzak eta Euskadi Fundazioak lankidetza hitzarmena sinatu dute eta Getxoko Faduran kokatutako Euskadiko Goi Mailako Kirolaren Zentroko baliabideak erabili ahalko ditu talde laranjak. 

Eusko Jaurlaritzak eta Euskadi Fundazioak euskal txirrindularitza bultzatzen jarraitzeko lankidetza indartu dute. Horren isla, eta lankidetza akordio baten bidez, Euskadi Fundazioko txirrindularien eta talde teknikoaren eskura jarri dira Getxoko Faduran kokatutako Euskadiko Goi Mailako Kirolaren Zentroko baliabideak. Azaroaren 16an Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordeak eta Iñaki Isasi Euskadi Fundazioko presidenteak gidatutako bisitan izan ziren Euskaltel Euskadiko, Laboral Kutxako, BBK Euskadi 23 urtez azpiko eta txirrindularitza paralinpikoko txirrindulari eta teknikari guztiak, eta goi mailako kirol instalazioak gertutik ezagutzeko. Tartean zeuden Iker Mintegi txirrindularia, Jorge Azanza kirol zuzendaria eta Pablo Urtasun zuzendaria. 

Ibone Bengoetxea lehendakariordeak azaldu zuenez, “laguntza ekonomikotik harago doan harremana da; kirol-prestakuntzan, berrikuntzan, errendimenduan eta kirolarien zaintza integralean oinarritutako elkarlana da, Euskadiko Goi Mailako Kirolaren Zentroaren gaitasun guztiak txirrindularien eta talde teknikoen eskura jarriz".

Iñaki Isasi Euskadi Fundazioko presidentea kontentu azaldu zen. “Benetan ilusio handiz bizi dugu Fadurarekin lortutako akordio honek irekitzen digun aukera sorta": "Eskerrak eman nahi dizkiogu Eusko Jaurlaritzari goi mailako errendimenduko zentro baten ateak irekitzeagatik. Ziur gaude gure kirolariei lagunduko diela kirol-arrakastak lortzeko bidean, baina baita osasunaren prebentzioan eta zaintzan ere. Fadurako profesionalek egiten duten lanaren enbaxadorerik onenak izatea espero dugu estatuko zein nazioarteko txirrindularitza-probetan". 

Zerbitzuak
Txirrindulari eta teknikariek zentroko instalazioak ezagutu zituzten: gimnasioa, laborategia, Basque Hostel eta beste. Euskadiko Goi Mailako Kirolaren zentroak kirol medikuntzako eta ebaluazio fisikoko zerbitzu espezializatuak ditu, kirolarien osasunarekin eta errendimenduarekin lotutako hainbat parametro aztertzeko aukera ematen dutenak. Horrek bultzada handia ekarriko die Euskadi Fundazioko txirrindulariei. Jardunaldia txirrindulariei egindako hainbat ebaluazio fisiko eta medikorekin osatu zen.