Areto futbola

Xotak irabazi, Altsasuk berdindu eta Aralar Mendik galdu

Guaixe

Aralar Mendi bolada kaxkarra pasatzen ari da. ARALAR MENDI

Hirugarren mailako zazpigarren jardunaldiak 4 puntu utzi ditu Sakanan.

Areto futbolean hirugarren mailako zazpigarren jardunaldia jokatu zen. 

Altsasu bigarrenak Betelu liderraren kontra jokatu zuen Betelun eta bi taldeek lidergoa izan zuten jokoan. Partida estu eta zirraragarrian edozein taldek izan zuen irabazteko aukera, baina azkenean, puntu banaketarekin despeditu zen norgehiagoka. Betelu bitan aurreratu zen, baina Asier Salgadok, bitan, berdintzea lortu zuen (2-2). Une horretan Altsasu finago ibili zen eta 2-4 aurreratu zen, Denis Javier Ordoñez eta Asier Salgadori esker, baina azken unean Beteluk launa berdintzea lortu zuen (4-4) eta lider izaten jarraituko du.   

Xotak Anaitasunaren kontra jokatu zuen Iruñean. Irurtzundarrak ikusgarri hasi ziren, 25. minuturako 0-4 aurreratu baitziren Julen Fernandezek (2), Mikel Belokik eta Alain Moralesek sartutako golei esker. Anaitasuna 1-4 gerturatu zen, baina Eneko Pintok Xotaren bosgarrena sartu zuen (1-5) eta partida erabakita utzi zuen. Azken hatsean iritsi zen Anaitasunaren bigarren gola (2-5). Hiru puntu gozo lortuta, pozik itzuli ziren irurtzundarrak. 

Azkenik, Aralar Mendik Zubirira egin zuen bisita Ibararteren kontra jokatzeko. Esteribarko taldea hasieratik hozka egitera atera zen eta 6. minuturako 2-0 aurreratu zen. Ibarartek agintzen jarraitu zuen eta 5-0era iritsi zen; azken gola Aralar Mendik ate propioan sartu zuen zorigaiztoko jokaldi batean. 34. minutuan Aimar Igoak Aralar Mendiren gol bakarra sartu zuen eta 5-1 galduta itzuli ziren uharte arakildarrak. 

Hamargarrena
Betelu Futbol Taldea da hirugarren mailako liderra (17 puntu), Altsasuren (16 puntu) eta Anaitasunaren (16 puntu) aurretik. Xota laugarren postura igo da (15 puntu), eta Aralar Mendi hamaikagarren da (3 puntu). Hamargarren jardunaldian Altsasuk Ardoi hartuko du azaroaren 21ean Zelandin (18:00), Xotak Ibararteri egingo dio harrera egun berean (15:30) eta Aralar Mendik Universidad de Navarra hartuko du Uharte Arakilen azaroaren 20an (19:30).